Harremana jubilotekako kideak Baztango alkatearekin bildu dira laguntza eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 22a, 14:30

Dirulaguntzarik lortu ezean, jubilotekak otsailean hetsi beharko duela jakinarazi du

Duela zortzi urte hasi zuen bere ibilbidea Harremana jubilotekak, Baztango, Zugarramurdiko eta Urdazubiko jubilatuei denbora pasatzeko eta aktibo mantentzeko espazio bat eskaini nahian. Gaur egun, astero elkartzen dira; astearte eta ortziraletan Elizondon, astelehenetan Amaiurren, asteartetan Iruritan eta ortzegunetan Erratzun. 40 lagun inguruk parte hartzen dute guztira jubilotekan, 64 bazkide ditu elkarteak eta Esther Carrizok eta Amaia Iriondok gidatzen dute.

Aste honetan Arizkunenean egindako saioan, kide guztiak Fernando Anbustegi Baztango alkatearekin elkartu dira beren beharrak helarazteko. Eguberrietako kantak abestu eta adinduei zaintzeko beharraz aritu dira alkatearekin, eta gutun positiboz betetako zaku bat eman diote, haien eskariekin. Gainera, Eguberrietako arbola paratu dute udaletxearen atean, gaiari ikusgarritasuna eman nahian. Gero, Elbeteko Posadan bazkaldu dute 30 bat kidek elkarrekin.

Jubilotekak adierazi duenez, «ez dugu aurrekonturik aitzinera segitzeko eta dirulaguntzarik lortu ezean, otsailean hetsi beharko dugu». Hala ere, «dena ez dago udalaren esku. Herriaren parte hartzea ere arras inportantea da ekimena bizirik mantentzeko. Familiari, aitari, amatxiri… animatu behar diogu parte hartzera. Ekimenak antolatzen ditugu, baina jendeak ez du parte hartzen eta pena da». Honez gain, nahi duena elkarteko bazkide egin daiteke, urtean 10 euro ordainduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun