JON LARRATXEA COSCARAT

«Espero baino hobekiago egokitu naiz Bruselara»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 31a, 08:00

Europako Parlamentuaren Madrilgo egoitzan praktikak egin ondotik, Bruselara joan da Jon Larratxea lekaroztarra lan egitera eta bizitzera. Bizitzen ari den esperientziaz solastatu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Zalantza ugari dituen pertsona, baina egunero zalantza horiei erantzuna emateko prest dagoena.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunik haundiena lagunekin egotea da. Urte dezente eramaten ditut handik eta hemendik kanpoan bizitzen, eta toki bakoitzean nagoenean beti saiatzen naiz bertako lagunekin ahalik eta denbora gehien pasatzen.

Zein ikasketa egin dituzu?

Kazetaritza ikasi nuen Bilbon, eta graduaren barnean, Herbehereetan eta Danimarkan egon nintzen Erasmusean. Ondotik, Madrilerat joan nintzen Komunikazio Politikoan oinarritutako master bat ikasteko.

Bruselan bizi zara gaur egun. Zertara joan zinen?

Europako Parlamentuan egin nuen bekaldia, eta horren ondotik Bruselan finkatuta dagoen fundazio batek lana eskaini zidan. Aunitzik pentsatu gabe, eskaintza onartu nuen eta harat joan nintzen.

Nolakoa izan zen Europako Parlamentua barnetik ezagutzea?

Parlamentuak Madrilen duen egoitzan egon nintzen, baina Estrasburgoko egoitza zentralerat joateko aukera izan nuen, eta Bruselako egoitza ere bisitatu dut. Sentsazio arraroa da, telebistan ikusten dudan tokietan egon naizelako lanean eta noizbehinka, iruzurgilearen sindromea agertzen da, inguruko jendea arras prestatua baitago. Baina orokorrean, esperientzia arras ona, bereziki aunitzetan arrotz eta gugandik urrun sentitzen dugun instituzioa ezagutzeko.

Zertan ari zara orain?

Europar Batasuneko funtsak jasotzen dituen proiektuak kudeatzen dituen fundazio batean nago, komunikazioan.

Gustura?

Espero baino hobekiago egokitu nintzen hirira, eta orain arteko balorazioa ona da.

Zer du Bruselak Baztanek ez duenik?

Hamaika tokitako jendea ezagutzeko aukera, Baztanen ez dagoen jende mugimendua.

Eta alderantziz?

Bertako jendea nahiko indibidualista da, ez dago Baztango auzolan sentimendu hori. Nire testuinguru iduritsua duen jendearen falta dut.

Zure asmoak epe motzera?

Momentuz tarte batez geldituko naiz, Bruselak oraindik gehiago du eskaintzeko.

Eta epe luzera?

Batek daki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun