Iratxe Arretxea eta Itsaso Bakedano

«Sexualitateak ez du adinik eta hil arte gurekin joanen da»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 30a, 09:00
Ezkerrean Iratxe Arretxea Etxeberria eta eskuinean Itsaso Bakedano Moreno. Sexologoak dira eta elkarrekin hainbat tailer egiten dituzte eskualdean.

Iratxe ARRETXEA ETXEBERRIA eta Itsaso BAKEDANO MORENO, sexologoak

«Norbere burua ezagutzea, zaintzea, ulertzea eta errespetatzea» da bi sexologoen ustez gakoa eta «geure burua maitatzen ikasten badugu, sexu hezkuntzako helburuak beteko ditugula» diote.

«Sexua bakarrak, bereziak eta errepikaezinak egiten gaituen hori da, eta sexualitatea, aldiz, bizipen subjektiboa». Efigenio Amezua sexologoaren errana mahai gainera ekarriz, horixe izan da Iratxe Arretxea Etxeberriak (Berroeta) eta Itsaso Bakedano Morenok (Oibar-Baztan) sexualitateaz galdetuta eman duten esplikazioa. Bata zein bertzea sexologoak dira, eta eskualdeko herritar aunitzendako ezagunak, haur, gazte, guraso zein jubilatu, azken boladan haiekin lanean ari baitira sexualitate tailerretan. TTIPI-TTAPAk ere haiengana jo du, gehiago jakiteko gogoz, eta «sexua genitaletik eta egiten den praktikatik harago, aunitzez gehiago dela» nabarmendu nahi izan dute. Bada argi utzi nahi izan duten bertze kontu bat ere: «sexualitateak ez du adinik, hil arte gurekin doa».  Bertzeak bertze, haurren, gazteen, gurasoen eta jubilatuen sexualitatea izan dituzte hizpide.

Nola definituko zenukete sexualitatea? 

Incisex sexologia institutuan ikasita, izakiaren izate sexualaren oinarri teoriko zentrala dugu. Hau da, sexuatuak gara eta sexua gure izatea da, balore aberats bat. Garrantzitsua da sexu hitza aipatzen dugunean, zein oinarri teorikotatik edota zein markotatik solastatzen garen jakitea. Efigenio Amezuak dioen bezala, «sexua bakarrak, bereziak eta errepikaezinak egiten gaituen hori da. Sexualitatea, aldiz, sexuaren bizipen subjektiboa da», hau da, nola bizi dudan nire emakume izateko modu bakar, berezi eta errepikaezin hori, beti bertzeekin harremanetan. 

Zuek errana da: «Sexualitatea ez da arriskua bakarrik, autoezagutza prozesu bat da». Azalduko zenukete?

Sexuaren inguruan dantzan ibili diren hitz gehienak arriskutik, debekutik edota beldurretik sortu eta zabaldu dira. Sexologia geure burua hobeki ezagutzea, ulertzea, bertzeekin elkar-bizitzea eta elkarbanatzea da. Sexologiak sexuen arteko harremanak aztertzen ditu. Berriz ere sexuaren definiziora goaz, zer ulertzen dugu sexutzat? Zer sartzen da bere barnean?

«Sexua ez dira genitalak, ezta egiten den praktika bat ere. Sexuak aunitzez gauza gehiago biltzen ditu»

Urte luzez hitz tabua izan da. Egoera aldatzen ari da? 

Beti ari dira gauzak aldatzen, baina oraindik lana dago egiteko, familietan, kuadrilletan, ikastetxeetan... Gizartean, orokorrean. Sexuaz gehiago solas egiten hasi gara, baina kontzeptu horretan berriz ere zehaztasuna edo informazio erreala falta dugu. Sexua ez dira genitalak, ezta egiten den praktika bat ere. Sexuak aunitzez gauza gehiago biltzen ditu bere barnean: harremanak, gustuak, desirak, ulermena, maitasuna eta zaintzaren lanketa...  

Gai tabu izateak zer ondorio ditu? 

Informazio aunitz eta ezjakintasuna aldi berean, elkarbanatze guti, beldurra, transgresioa... Agian, gaur egun ez da gai tabua, baina tabua izatearen antzeko ondorioak ekar ditzake.

Gurasoekin, gazteekin eta eskoletan ari zarete lanean. Zer lantzen duzue talde bakoitzarekin? 

Taldearen beharretan eta galderetan zentratzen gara, beraiek dira saioaren nondik norakoak zehazten dituztenak, eta guk, bitartean, sexologiaren harietatik tiratzen dugu sakontzeko: kontzeptu teorikoak, usteak, jokaerak... Laugarren esparru arras interesgarri batekin ere hasi gara aurten Bortzirietan, jubiloteketan. Esperientzia bereziki polita izaten ari da guztiekin elkarlanean aritzea. Garrantzitsua da izaki sexualak izanik, adin guztietara zabaltzea. Norentzat dira harremanak? Guztiontzat. Gauden etapan eta adinean ere badugu harremanak izateko eta elkarbanatzeko momentua eta gure sexualitatea guztiz bizirik dago, agian inoiz baino aberatsago. Elkarrengandik aunitz dugu ikasteko, eta hortaz da hain aberasgarria adin guztietakoekin lanean aritzea; sexualitateak ez duelako adinik eta hil arte gure izatea, eta horrekin gure izate sexuala, gurekin doalako.   

Zer da sexualitatea aipatzean burura datorkien lehenbiziko gauza? 

Denetarik, hainbertze informazio eta duda ditugu... Sexologian garrantzitsua den kontzeptu bat erabiltzen da: biografia. Bakoitza bere esperientziatik abiatzen da eta bere bizipenek, ikusi, aditu, ikasi eta bizitakoek erranahi bat ematen die gauzei. Baina erranahi horiek bertzeekin elkarbanatuz aldatuz joaten dira. Hori da politena, ez garela estatikoak, ez dela deus estatikoa eta beti eboluzionatzen ari garela. Sexu hitza ordenatzen laguntzen dugu eta ordena horrek gure biografia eta begiradei argitasuna ematen die.  

Haurrek nola ulertzen dute sexua? 

Haurrek kuriositatearekin eta jakin-minarekin ulertzen dute. Esplorazio garaian daude eta gehienetan gauzen erranahiak ikasten ari dira beraien erreferenteekin. Bizi diren munduaren funtzionamendua ulertzen ari dira, «debekuak», «baimenak» eta «arauak» ikasten. Kontuan izan behar dugu, aunitzetan funtzionamendu hori alderdi negatibotik enfokatzen dugula. Gorputza eta harreman kontzepzioa ulertzen ari dira. Ikusten dutenarekin esperimentatzen, kuxkuxeatzen eta jostetan ibiltzen dira. Haurren sexualitateak haurren kodeak ditu.  

«Gazteak ez dira burugabeak. Kuriositatea dute eta hori mantentzea edota hori garatzeko espazioa izatea guztiz baliotsua da»

Eta gazteek? 

Izaki sexuatuaren ideia barneratzen dute. Inguruko bertze pertsonekin, mugekin eta arauekin mugitu behar dutela ohartzen dira. Hormonen garapenak bakoitzaren sexualitatean eragina du. Identitate sexuala edota desiraren orientazioa kuestionatzen hasten dira, bakoitzaren gustuen eta ahalmenen ezagutza prozesuan sartzen dira. Gazteengandik ere aunitz dugu ikasteko. Gu ere gazte izan gara eta guk ere bizi izan ditugu antzeko esperientziak eta egoerak. Gazteak ez dira burugabeak, gazteek elkarbanatu eta informazioa nahi dute. Kuriositatea dute eta hori mantentzea edota hori garatzeko espazioa izatea guztiz baliotsua da. 

Arretxea berroetarra da. 

Zein dira gurasoen kezka nagusiak? 

Gurasoak ere ikasten ari dira. Kuriositatea garatzea gakoa da, bizitza osoan hori ez galtzea garrantzitsua da. Nork erakusten digu heldu izaten? Eta zer da heldu izate hori? Nork erakutsi digu guraso izaten? Nork ez ditu dudak, beldurrak eta ezinegonak?

Eta jubilatuek zer diote? 

Jubilatuekin ere sexualitatea tailerretan lantzen dugu, beraien parte hartzea sustatuz. Beraien galderei eta bizi izan dituzten bizipenei buruz solastatzen gara. Bortzirietan izan dugun esperientzia ikusita, batez ere agian inoiz kontatu ez dituzten abenturak eta pasarteak aipatzen dituzte. Bertzeak bertze, bikoteen edo pertsona beraren eraldaketa prozesuez aritu izan gara; familia berreraikitzeak, dolu prozesuak, maitasun berriak, ilusioak... Bertze abentura batzuen artean, nola ligatzen zuten eta zer estrategia zuten ligatzeko, harremanak nola izaten zituzten… kontu-kontari ibili gara. Sexualitateak ez du adinik, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte gertatzen den prozesua da, eta haiek ere gauza aunitz dituzte kontatzeko eta batez ere, testigantzen bitartez bizipenak berriz bizitzeko. Bertzalde, Berako Uxane zentroan ere izan gara. Aunitzetan aniztasun funtzionala edo bertze gisako aniztasunak dituztenei sexualitatea ezeztatu egiten diete, baina sexua era aunitzetakoa da. Mankomunitateek lan handia egin dute eta horri esker sexualitate aldetik arrunt aberatsak diren espazioetara ailegatu gara.

«Norbere burua ezagutzea, zaintzea, ulertzea eta errespetatzea da gakorik garrantzitsuena, eta aldi berean, lanik handiena ematen duena»

Zer mezu ematen duzue? 

Norbere burua ezagutzea, zaintzea, ulertzea eta errespetatzea gure ustez gakorik garrantzitsuena da eta aldi berean, lanik handiena ematen duena. Bide horretan, geure burua maitatzen ikasten baldin badugu, sexu hezkuntzako helburuak beteko ditugu. Ez da lan erraza eta horretan ari gara, bertzela, sexologook ez genuke lanik izanen [kar, kar, kar]. Txantxak alde batera utzita, norbere burua ezagutzen, ulertzen, zaintzen eta errespetatzen baldin badugu, ondoan ditugun haurrekin, gurasoekin, bikotekidearekin, senideekin, lagunekin, bizilagunekin, auzokideen eta abarrekin osasuntsuagoa izanen da harremana. 

Bakedano oibartarra da baina «Baztanenganako maitasun handia» du.

Haurrek eta nerabeek hartzen duten sexu heziketa egokia da? 

Sexuaren baloreak ikastetxeetan eta etxeetan txertatzeko geroz eta kontzientzia gehiago dago. Badugu informazioa eta gazteei informazio hori ordenatzen eta larrialdirik edota arriskurik ez den bideetatik ematen laguntzea guretzat arras garrantzitsua da. Sexuaren informazioa galderak erantzutea baino gehiago galderak sortzea dela erranen genuke. Sexua balore bat da, ideiaz josia dagoena, hausnarketarako gaia eta aunitzetan erantzun zehatzik gabeko galderak sortzen dituena. Gaur egun, urgentziazko jendartean bizi gara eta erantzunak berehala nahi ditugu, baina hori ere landu behar genuke. Batzuetan hausnarketa bidez galdera gehiago izatea eta galderak  geure kabuz erantzutea ez ote da aberatsagoa? 

Nolakoa izan beharko luke sexu heziketa egokiak? 

Nola landu beharko genukeen sexualitatea? Gure ustez, haurrek eta gazteek sexologiaren inguruko ikasgai bat beharko lukete, autoezagutza eta harremanen aberastasuna sustatzen dituena. Eta gure sarean edo inguruan galdetzea ere garrantzitsua da, aunitzetan antzeko kezkak eta pentsamenduak izaten baititugu, baina ez ditugu aipatzen. Bizitza osoan lantzen ahal ditugu sexualitatea eta harremanak. Gu ez gara duela hamar urteko emakume hura eta hemendik hamar urtera ez gara orain garena izanen. Zergatik ez erakutsi hori ttikitatik? Gorputzaren aldaketak, etapa aldaketak, gustuen eta desiren bilaketa, ezetzen kudeaketak... Mila gauza ditugu ikasteko eta bertzeengandik ikasteko. 

Haurrek eta nerabeek gero eta pornografia gehiago kontsumitzen dutela diote ikerketek. Zer diozue? 

Bai, hala da, eta pornoarekin alarma handia sortu da gaur egun. Baina gizartean ditugun bertze gai aunitz ere kezkagarriak dira: teknologia, indarkeria, zapalkuntza, arrazakeria... Gure ustez hezkuntza digitalaren garrantzia azpimarratzekoa da. 

Zergatik uste duzue hasten direla pornoa ikusten? 

Eskura dutelako eta kanpoan elkarbanatzeko eta galdetzeko aukerarik ez dutelako. Aunitzetan zerbait ez dakigula errateak gordeka hori bilatzea dakar. Internetera konektatzeko hainbat gailu dituzte eskura gaur egun, eta klik bat eginez batzuetan sartzeko aukera dute eta erreferentziatzat izateko. Arazoa ikusten dugun hori egin behar dela uste dugunean sortzen da. Beharrek gure nahiak itzaltzen dituzte eta aunitzetan esploratu beharrean irudi batekin gelditzen gara. Gehienetan ezjakintasunaren eta tabu horren ondorioa da.  

Gerizpe proiektuarekin buru-belarri

Sexologoak dira Iratxe Arretxea Etxeberria (Berroeta, 28 urte) eta Itsaso Bakedano Moreno (Oibar-Baztan, 31 urte), eta bertze hainbat proiekturen artean, Gerizpe programarekin dihardute gaur egun, «landa eremura sexologiaren jakintza hurbiltzeko» helburuarekin. Batak bertzeari egindako proposamenetik sortutako egitasmoa izan da, eta irri artean onartu dute «ligatze kontu» baten ondorioa izan zela; Baztango ostatu batean Bakedanok Arretxeari elkarrekin zerbait sortzea proposatu zion, eta bertzeak «atsegin handiz» baiezkoa eman zion. Kontatu dutenez, «ez genuen elkar ezagutzen, nahiz eta bion arteko lagunak izan. Ligatzen denean bezala, inoiz ez dakizu noraino ailegatuko den abentura eta ia konturatu gabe, bikote profesional bihurtu gara». 

Gaur egun, eskualdeko gizarte zerbitzuekin, ikastetxeekin, profesionalekin eta gurasoekin elkarlanean ari dira eta «esperientzia bereziki polita» izaten ari dela gaineratu dute. 

Nor da nor?

Arretxea, lanbidez, gizarte langilea eta sexologoa da, eta, alde batetik, «dolu migratzailea eta familia berrelkartzeko prozesuetan gazteekin eta familiekin» aritzen da, eta bertzetik, «sexologia tailerrak eta saioak» ematen ditu haurrekin, gazteekin, nerabeekin, profesionalekin eta adinekoekin. 

«Kuriositateak» bultzatuta hurbildu omen zen sexologiaren mundura: «Berez, tabu edota ezjakintasun aunitz duen gaia da, baina burutik eta zure izatetik kendu ezin duzuna. Diskordantzia horrek mila galdera sortzen zituen nire barnean, eta galdeka eta solasean hasitakoan gibelean zegoen jakintza guztiaren berri izan nuen». Aitortu duenez, «geroztik ez diot ikasteari utzi».

Bakedano, berriz, lanbidez hezitzailea da eta  sexologiako proiektuarekin uztartzen ditu hainberzte maite dituen bi alor: «Hezkuntza ez formala eta sexologia». Berak dakiena partekatzeko ikastaroak, hitzaldiak, formazioak... ematen ditu. 

«Betitik» gustatu omen zaizkio «pertsonen biografiak, baita euren arteko istorioak eta abenturak ere». Hala, «gazte-gaztetatik hasi nintzen sexologiako ikastaroak hartzen, aisialdiko taldeetan ikasten nuena praktikan jartzeko». Gisa honetara «poliki-poliki mundu eder eta dibertigarri honetan murgilduz joan naiz». Gaur egun ere, «etenik gabeko formazioarekin» segitzen duela jakinarazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun