Nafarroako Gobernuak Oronoz-Mugairiko lanbide eskolako lanen kontratazioa baimendu du

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 20a, 20:00

Eraikinak 9.418 metro koadro izanen ditu, hiru solairutan banatuak, eta lanak egiteko gehienezko 23.886.214 euroko aurrekontua ezarri dute

Nafarroako Gobernuak Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxearen lanen kontratazio baimendu du gaur, gehienezko 23.886.214,65 euroko prezioarekin eta 30 hilabeteko lan epearekin.

Hezkuntza Departamentuak eta Peralta Ayesa arkitektura taldeak otsailean abiatu zuten proiektuaren idazketa, eta horren finantzazioa 2024-2026 urteetako aurrekontuetan sartzea aurreikusi dute.

Eraikinak 9.418 metro karratu izanen ditu: 4.473 m2 beheko solairuan, 3.100 lehenbizikoan eta 1.845 bigarrenean. 'L' itxurakoa izanen da, eta bi eraikin gehituko dizkiote, bat tailerrentzako eta bertzea kiroletarako. Eraikin nagusiko beheko solairuan, bulegoez gain, hainbat gradurentzako instalazioak izanen dira; administrazio eta finantzakoak, mekanizazio eta soldadurakoak, agroekologia eta inguru natural eta aisialdikoak.

Lehen solairuan ekoizpen agroekologikoko tailerrak, pneumatika eta hidraulikako tailerrak eta elektrizitatekoak egonen dira, baita sistema mikroinformatikoen eta sareen programa ere. Bigarren solairuak, berriz, ATECA ikasgelak (teknologia aplikatuen gelak) izanen ditu, baita erizaintzako programa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun