Elizondoko Muniartea zubia oinezkoendako bakarrik izanen da asteburuetan eta besta egunetan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 18a, 14:30

Elizondoko Herriak batzarra egin zuen atzo eguerdian, eta Muniartea zubia asteburuetan eta besta egunetan ibilgailuendako hestea eta lurrean dauden harrizko piboteak eta argiak kentzea erabaki zuten

50 elizondoar inguru bildu ziren atzo goizean Arizkunenean herri batzarra egiteko. Hainbat gai landu zituzten bertan, tartean, Txokotoko Muniartea zubia asteburu eta besta egunetan ibilgailuendako hesteko proposamena. Bozketan gehiengoa proposamenaren alde agertu zen, hortaz, asteburu eta besta egunetan oinezkoendako bakarrik egonen da irekia zubia. Gainera, zubiko lurrean dauden harrizko piboteak eta argiak kentzeko proposamenak ere gehiengoaren babesa izan zuen.

Honez gain, Baztan Hobetzen plana ere izan zuten solasgai, eta Gabriel Laborra arkitektoak eman zituen proiektuari buruzko zehaztasunak. Hilerriko kolunbarioei dagokienez, Baztango harri gorriarekin eginak, 800 euroko prezioa izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun