Pleura taldeari agurra emateko kontzertuak antolatu dituzte larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 18a, 10:00

Abenduaren 23an 16:30ean Merkatuko plazan hasiko da besta eta hainbat musika talderen emanaldiak izanen dituzte

Duela bortz urte hasi zuen Pleura taldeak bere ibilbidea, Ion Mayordomo eta Olaia Inziarte baztandarrek abiatuta. Aurten taldea banatuko dela iragarri zuten, eta hainbat kontzertu egin ondotik, Elizondon izanen da azkena larunbat honetan, abenduaren 23an, Bertze bat arte fest izenpean. Hitzordu berezia izanen da, hainbat taldek parte hartuko baitute.

Merkatuko plazan 16:30ean hasiko da besta, eta hurrengo taldeek eta artistek parte hartuko dute: Roña, Joseba Irazoki, Sodade, Vaire, Ozpinduk, Ufestuek, Kaskezur eta Burutik. 22:30ean Pleuraren txanda izanen da, eta gonbidatu bereziak izanen dituzte haiekin oholtzaren gainean. Kontzertuen ondotik bestak gaztetxean izanen du segida, Kalima Limon eta XLKT DJekin.

Norberak bere basoa eramatea eskatu dute antolatzaileek, eta jakinarazi dutenez, ekitaldian lortutako dirua taldeendako izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun