Baztango Udalak Emaztekien Kontrako Indarkeriaren aitzinean jarduteko I. Koordinazio Protokoloa sinatu du

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 14a, 11:30

Dokumentuaren helburu nagusia «indarkeriari erantzun egokia ematea da. Esku-hartze koordinatua eta homogeneoa, espezializatua, integrala, kalitatezkoa eta genero-ikuspegia duena, betiere emakumeen eta nesken ahalduntzea bulkatzea helburu gisa izanda».

Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek Emaztekien Kontrako Indarkeriaren aitzinean jarduteko I. Koordinazio Protokoloa sinatu zuten atzo. Sinadura ekitaldian izan ziren Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari kudeatzailea, Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Montserrat de la Fuente Osasun Zerbitzuko Arreta Soziosanitarioko burua eta Izaskun Pombo Iruñeko Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretako burua.

Adierazi dutenez, «emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa larri da, eta milioika emakume eta nesken bizitza baldintzatzen du. Egiturazko indarkeria da, gizonek emakumeen kontra egiten dutena. Hainbat adierazpen ditu, eta kalte sakonak eragiten dizkie emaztekiei, haien familia eta inguruneari, eta baita gure jendarte osoari ere».

Errealitate hori «ez dago Baztandik kanpo; toki guzietan bezala, indarkeria kasuak erregistratzen dira. Kontzienteak gara udalaren esku-hartzeak dituen mugez, horregatik bertze urrats bat eman nahi dugu prebentzioa eta arreta hobetzeko».

Sinatutako protokoloa «urte eta erdiko lan prozesuaren emaitza da, baita bide berri baten hasmenta ere. Protokoloaren idazketan udaleko, eskualdeko eta Nafarroako baliabide eta zerbitzuetako langileek, Baztanen indarkeria matxistatik bizirik atera diren emaztekiek eta Baztango politikariek parte hartu dute, udaleko Berdintasun Zerbitzuak koordinatua. Gainera, udalbatzak aho batez onartu zuen konpromisoa uztaileko osoko bilkuran».

Protokoloaren funtsezko elementuetako bat «emakumeen arretan inplikatutako baliabideen koordinazioa» da. Mahai horretan, honako hauek izanen dira ordezkariak: Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzua, Baztango Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Iruñerriko eta Iparraldeko Genero-indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldea (EAIV), Gobernuaren Ordezkaritza, Baztango Osasun Zentroa, Elizondoko sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentroa, Foruzaingoa eta Guardia Zibila.

Horrez gain, «aldizkako bilerak» proposatu dituzte koordinazio tresna gisa, «kasuen jarraipena eta haien bilakaeraren eta gorabeheren erregistroa egiteko. Erreferentziazko ebaluazio fitxa erabiliko da kasuaren larritasuna zehazteko eta aktibatu beharreko tresnak erabakitzeko. Gainera, lau urtean behin protokoloa berrikusteko konpromisoa hartu dute».

Azkenik, protokoloak «indarkerian espezializatutako baliabideen kudeaketa optimizatu nahi du, emakumeen eta haien familien birbiktimizazioa saihestuz. Beraz, bide berri baten hasiera da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun