Energia berriztagarriei buruzko solasaldia izanen da ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 12a, 12:00

Talde Ekosozialak antolatu du hitzordua eta Markel Peñalba ingeniaria izanen dute hizlari, abenduaren 15ean 19:00etan Arizkunenea kultur etxean

Baztango Talde Ekosozialak azaldu duenez, «kaos klimatikoaren irtenbidea badakigu zein den: deskarbonizazioa, erregai fosilak lur azpian uztea. Horretarako beharrezkoa den teknologia prest eta hemen dago, energia berriztagarria. Baina, urtetan haren hedapenaren alde egin ondotik, proiektu proposamenak gurera ailegatzen hasi direnean kezka piztu da zenbait herritarren artean». Gaiaren «urgentzia eta garrantzia» dela eta, «Talde Ekosozialean eztabaida hori plazaratzeko garaia dela uste dugu».

Trantsizio energetikoa: berriztagarrien erronka izenburupean antolatu dute solasaldia. Horren bitartez, «adierazi nahi dugu: batetik, energia berriztagarrien gaia eraldaketa haundiago baten barnean kokatu behar dela. Krisi ekosozialak metamorfosi ekologiko sakon bat ekarriko du gure gizarteetan, eta horren funtsezko elementua da 'trantsizio energetikoa'».

Bertze aldetik, «trantsizio energetikoak hanka bat baino gehiago ditu, adibidez, energiaren kontsumoa ttipitzea, energiaren erabilera lehenestea (adib., ospitaleena lehenestea Jet pribatuetan xahutu beharrean), mugikortasunaren eta elikaduraren birpentsatzea (gure hozkailuetako produktuen 10tik 9 kanpotik ekarriak dira) eta energia berriztagarriak».

Adierazi dutenez, berriztagarriena «landa eremuko kezka zentraletako bat bihurtzen ari da. Geroz eta ezagunagoa egiten ari da berriztagarriak bai, baina horrela ez leloa, baita eolikoak mendietan ez. Plataforma eta herritar horien kezka da parke eoliko eta fotovoltaikoek ingurumenean, paisaian eta ondarean inpaktu nabariak izanen dituztela, eta, gainera, enpresa pribatuek beren intereserako bakarrik nahi dituztela. Kasu horietan aldarrikatu ohi da autokontsumoa (batez ere etxeen teilatuetan plakak jartzea) dela irtenbide sozial eta jasangarriena».

Baina gaia «konplexuagoa da, etxeetan kontsumitzen den elektrizitatea lurralde baten energia kontsumo osoaren zati ttipi bat bertzerik ez baita. Posible da ospitaleak eta eskolak izatea, hozkailuak eta lan duinak, bakarrik eskala ttipiko eredu horrekin? Ez al da garaia guk ere gure aztarnaren zati bat gure gain hartzeko, beti herrialde pobreetara kanporatu beharrean? Ez al ditugu Baztanen ere eolikoak edo fotovoltaikoak jarri beharko gure mendi eta lurretan? Eta, aldi berean, ez baditugu gure lurrak horiekin josi nahi, ez al dugu gure kontsumoa nabarmen ttipitu beharko?».

Erronka horri heltzeko, «Markel Peñalba ingeniaria gonbidatu dugu. Mondragon unibertsitateko irakaslea da, itsasoko energia berriztagarrietan aditua da eta ikuspuntu soziala eta teknikoa uztartzeko gai izanen da. Bertzeak bertze, Zumaian energia berriztagarrien  bideragarritasunaren inguruko azterketa interesgarri batean parte hartu zuen».

Azkenik, «batzuentzat berriztagarriak 'bertze makroproiektu bat' bertzerik ez diren bitartean, alimaleko altxorra dira bertzeentzat, eta aukera ona tokiko energia sortzeko, merkea eta garbia. Horra korapiloa eta horra galdera: ez al dugu Baztanen ere berriztagarriak paratzen pentsatzen hasi beharko?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun