Baztango Udalak kudeatuko ditu Nasuvinsak Oronoz-Mugairin egindako bortz etxebizitza babestuak

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 11a, 20:00

Anbustegi alkatea, Alfaro kontseilaria eta Nasuvinsako Buron zuzendari gerentea etxebizitza berrian. Nafarroako Gobernua.

Etxebizitza galtzeagatik gizarte bazterketa sufritzeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduak izanen dira etxebizitzak

Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako lehendakariorde eta kontseilari Begoña Alfarok, Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Javier Buron Nasuvinsako zuzendari gerenteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Horren bidez, Baztango Udalak bere gain hartu du Etxebizitza Sozialerako Foru Funtsari atxikitako bortz etxebizitzaren alokairu babestuko kudeaketa. Oronoz-Mugairiko etxebizitzak Nasuvinsa sozietate publikoak birgaitu berri ditu, 325.048 euroko inbertsioarekin.

Hitzarmenak etxebizitza duina eta prezio eskuragarrian lortzeko helburuari erantzuten dio. Hortaz, Baztanen erroldatutako pertsonei egonen da zuzendua alokairua, etxebizitza lortzeko zailtasunak dituztenei zehazki. Eskatzaileek beren ohiko etxebizitza galdu izana frogatu beharko dute eskaera egiteko, edo etxebizitza galtzear daudela.

Alfaro kontseilariak adierazi du «Nafarroako jendarteko zati inportante bati etxebizitzarako sarbidea errazteko administrazio publikoaren betebeharra» betetzen duela hitzarmenak. Buronek, aldiz, «administrazioen arteko talde lana» azpimarratu du. Baztango Udalak bere gain hartuko du etxebizitzen kudeaketa eta esleipena, baita horiei dagozkien errentak eta zergak.

Gainera, bisitan izan dira Florentino Goñi Baztango Udaleko Herri Lanen kontseilaria; Amaya Urtasun Nasuvinsako Birgaikuntza eta Mantenu Sekzioko arduraduna; birgaitze lanak zuzendu dituen elkarteko Iñako Les teknikaria; eta proiektuaren arduradun diren Arteka estudioko Patxi Valer eta Gabriel Laborra arkitektoak.

Bortz etxebizitza

Etxebizitzak eraikin publikoan egin dituzte, Martin Urrutia Etorbideko antzinako Kamineroen Etxean. Lehenbiziko eta bigarren solairuko espazioen birbanaketa egin dute, lau etxebizitzatik bortzera pasatuz. Etxearen isolamendu termikoa hobetzeaz gain, aerotermia sistema indibidualak paratu dituzte, eta arotzeria PVCarekin ordezkatu dute.

Lehenbiziko solairuko bi etxebizitzek 89,71 metro karratu dituzte, sarrera, egongela, sukalde, hiru logela, bi komun eta balkoiarekin. Bigarren solairuan hiru etxebizitza egin dituzte, horietako batek 66,40 metro karratu ditu, hiru logela eta bi komunekin. Bertze biak 55,70 eta 55,20 metro karratu dituzte, bi logela eta komun banarekin. Etxebizitza guziek sukaldeko oinarrizko hornikuntza dute.

Irudia: Nafarroako Gobernua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun