Giro ederrean ospatu dute Asteburu Kulturala Anizen

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 11a, 13:00

Ortzirale eta larunbatean hainbat ekitaldi izan zituzten herrian. Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Aurtengo Asteburu Kulturala ortziralean hasi zen herri kirolekin. Haurrak elkarren aurka aritu ziren herri kiroletan, sokatiran, berriz, haurrak helduen kontra, eta justu-justuan baldin bada ere, helduak nagusitu ziren. Herri kirolen ondotik frontoian haur eta helduak nahaste jostetan aritu ziren, eta afaria prestatzeko tenorea ailegatu zelarik, denak elkarterat joan ziren pizzak eta krepeak prestatzera. Aurten ere haurrak izan dira sukaldari lanetan aritu direnak. 
 
Larunbat goizean mendi itzulixka egin zen, aspaldixkotik urtero-urtero egiten den paraje izenak paratzen segitzeko.
Aurten, Salaburdineta eta Iñertze izenak paratu dira. Bi izen hauekin hamabortz dira hondarreko urteetako Asteburu Kulturaletan zurean zizelkaturik paratu diren paraje izenak: Lurgorri, Estrakazar, Trinitate, Istillegi, Urdenbide, Aizkoa, Lutran, Berro, Olazar, Azkarate, Marmitz, Soroluze eta Zineleku.
 
Arratsaldean, Juan Angel Perotxena mural egilea etorri zen Anizen egin dituen bertze bi muralen kontu solastatzerat.
Juan Angelek bere lanaren nondik norakoak aipatu zituen, eta mural bakoitzari paratutako izenburuen zergatia ere azaldu zuen: aurten egin dituen bi muralei Larrosen bidexendatik eta Esku batzuk dena eraikitzeko izenburua paratu die, eta orain bi urte egindako muralari Herria koloretan. Elizondoko artistak bere sormen lana azaldu ondotik, Aitor eta Mikel Azkaratek muralak egin diren tokiaren azalpenak eman zituzten, bata lehengo lixutokian, eta bertzea lehengo siloko eraikin batean egin baitira. Bi eraikinen erabilera noiz artio izan zen, zertarako erabiltzen zen, eta egin diren irudien inspirazioa zein izan den azaldu zuten. Azalpenak emateaz gain, mural bakoitzaren ondoan kartel ttipi bat paratu dute azalpen guztiekin eta QR kode batekin, informazio gehiago jakin nahi izanez gero bertara jotzeko. 
 
Muraletako bat lixutegian egina dagoela kontuan hartuz eta hori baliatuz, azalpenen ondotik bertaratu ziren herritar guztiak elkarterat joan ziren arratsaldeko bortzetan egina zegoen hitzordurat: Anizko hiru emaztekik beraiek lixua nola egiten zuten kontatu zuten: Dorita, Txari eta Emiliaren testigantzak aski interesgarriak izan ziren; garai bateko bizimoduaren berri eta emakumeek egindako lanaren berri lehenbiziko eskutik jaso zuten bertaratu ziren guztiek. Lixua nola egiten zuten, zenbatero, nola garraiatzen zuten, nola idortzen zuten arropa... lixuaz gain Elizaren indarraz, konfesioaz, ligatzeaz... eta bertze hainbat kontuz ere aritu ziren. Kontu kontari aritu ondotik, Iñaki Zelaietak, herriko alkateak, eskertza gisa eta emakume hauek isilpean egin duten lan guztiaren aitortza gisa eskerrak emateaz gain, lixutegian margotutako muralaren erreplika bat eman zien oroigarri gisa.
 
Solasaldiaren ondotik bertso afariaren tenorea ailegatu zen.
Julio Soto eta Onintza Enbeita bertsolariek giro ezin hobea paratu zuten bertaratu ziren afaltiarren kontu bertsoak botaz, eta Asierrek paratutako gaiei kantatuz. Giro ezin hobean akitu zen aurten ere Asteburu Kulturala. Esker mila parte hartzaile guztiei, eta bereziki, orain artio ikusezin, isilpean  eta inongo aitortzarik gabe egon diren gure emaztekiei. Gurekin beraien bizipenak konpartitu zituzten Doritari, Txariri eta Emiliari, esker mila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun