CLAUDIA ALMANZA COSSIO

«Jendeak produktu osasuntsuak eta naturalak nahi ditu»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 9a, 11:00

Duela hiru urte ireki zuen Claudia Almanzak Zuri estetika zentroa Elizondon. Izan ere, «estetika zerbitzu eta tratamendu aunitz eskualdetik kanpo egiten zirela konturatu nintzen; Irunen, Iruñean… eta Baztanen zerbitzu hori ematea beharrezkoa ikusi nuen. Lehenagotik esperientzia nuen lan honetan, bainuetxe batean aritu bainitzen sei urtez, eta nire zentroa irekitzea erabaki nuen».

Kosmetika natural eta ekologikoekin egiten du lan; «bioterapiak egiten ditugu aurpegian eta gorputzean. Gainera, teknologia berriak ere erabiltzen ditugu; irrati-frekuentzia, HI-FU…». Horrez gain, «oinarrizko zerbitzuak ere eskaintzen ditut: laser eta argizari bidezko depilazioa, manikura, pedikura… denetik. Hori baita nire asmoa, bezeroek zentro batean zerbitzu guztiak edukitzea, batera eta bertzera joaten ibili beharrean».

Gaur egun, «jende aunitzek zaintzen du larruazala. Aurpegian tratamenduak egiten dituzte zahartzea frenatu nahian, eta gorputzari ere garrantzia haundia ematen zaio, itxurari nahiz osasunari». Hortaz, «estetika zentroek ongi funtzionatzen dute. Inguruan zentro gehiago ditugu eta denok egiten dugu ongi lan». Gainera, «Baztandik ez ezik, Malerrekatik eta ingurutik etortzen zaizkit bezeroak, eta Olaguetik ere etorri izan zaizkit». Izan ere, «gaur egun badakigu silikona edo parabeno aunitz dituzten produktuak ez direla onak, eta  jendeak bertzelako produktuak nahi ditu, naturalak eta osasuntsuak».

Opari perfektua

Eguberriei begira, «black friday eta horrelako promozioekin, jendeak bonuak eta opari txartelak erosten ditu». Hortaz, «norbaitendako opari bila etortzen direnei, aukeratzen laguntzen diet, gehien egokitzen zaiena eros dezaten». Azaldu duenez, «jende aunitzek denborarekin egiten ditu Eguberrietako erosketak, batez ere aitzineko deskontuak aprobetxatuz. Hala ere, egia da batzuk azken ordura arte esperoan egoten direla erosketak egiteko».

Baina oparitzeko ez ezik, norberarendako tratamendu eta makillaje zerbitzuak ere eskaera haundia dute; «ospakizun hauetarako eta edozein besta, ezkontza edo ekitaldirako, baita inauterietarako ere, jendeak makillaje landua nahi izaten du».

Negozioa ezagutzera emateko, «sare sozialak arras inportanteak dira. Lehen ahoz ahokoaren bitartez zabaltzen zen, baina gaur egun sare sozialak ezinbertzekoak dira eta leku aunitzetara eramaten zaituzte».

Azkenik, «norbere burua modu osasuntsuan zaintzera gonbidatu nahi dut. Estresa nagusi den bizitza honetan, onuragarria da guretako denbora bilatzea, deskonektatzea eta atsedena hartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun