Asteburu kulturala izanen dute Anizen ortzirale eta larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 6a, 09:00

Herri kirolak, otorduak, mendi itzulixka, bertsoak… denetik izanen dute asteburuan Anizen.

Testua: Maitane Maritorena.

Abenduaren 8an, ortziralean, 17:30ean herri kirolak izanen ditugu, eta ondotik elkartean pizza eta krepeak eginen dituzte haur eta gaztetxoek. Hondarreko urteetan bezala, haur eta gaztetxoak izanen dira irakasle eta otorduaren prestatzaile. Otordura joan nahi duenak, izena aitzinetik eman beharko du.

Abenduaren 9an, larunbatean, 10:30ean izanen da hitzordua mendi itzulixka egin bidenabar, parajeen izenak paratzen segitzeko: aurten Salaburdineta eta Iñertze aldea eginen da. Ondotik elkartean kafettoa.

16:00etan Juan Angel Perotxena etorriko da, herrian egin dituen bertze bi muralen kontuko azalpenak ematera. Mural horietako bat lehengo lixutegia izan zenan egina dagoela kontuan hartuz, muralen azalpenen ondotik, 17:00etan, elkartean Anizko andreen testigantzak jasoko ditugu garai batean lixua nola egiten zuten kontatuz: Emilia, Txari, Dorita eta Sagrario arituko dira solasean norbera bere esperientziatik bere sorterrikoa kontatuz.

21:00etan bertso afaria izanen da: Onintza Enbeita eta Julio Soto izanen dira kantuan arituko direnak. Txartelak salgai daude 30 eurotan eta edozein aniztarri erranda eskuratzen ahalko dira.

Ekitaldi horiez gain, asteburu guztian mahai jolasen kutxa elkartean egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun