Mugimendu feministeko kideek adierazi dutenez, «prestaketa luzea eta arras emankorra izan da. Zaintzaren erranahia bera aztertzetik, gu guzion bizitzetan eragina duen sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorioak ulertzeraino. Baina zaintzaren inguruko hausnarketa ez da hor akabatuko eta hasitako bidea egiten segitu beharko dugu; pausoz pauso irauliz, egunez egun eraldatuz. Mugimendu feministaren eta zaintza langileen arteko sareak sendotu ditugu, eta bide horretan gure eskualdeko hainbat borroka eta aldarrikapen ezagutzeko aukera izan dugu».
Zaintza «bizimodu duina eraikitzeko oinarria da. Gure gorputzen, herrien, komunitatearen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbertzekoa. Hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko beharrezkoa».
Hala ere, «gaur egungo sistema ekonomikoak ez ditu zaintzak kontuan hartzen, ez baitu aitortzen zer garen. Ekomendekoak gara, naturaren osagai gara, naturaren zikloen eta erritmoen mende gaude. Eta aldi berean, interdependenteak gara, bizitza sostengatzeko ezinbertzekoa delako elkarri laguntzea. Pertsonek elkarren beharra dugu une oro, eta haurtzaroan, zahartzaroan, gaixotasun garaietan eta mendekotasun egoeretan elkarren beharra areagotu egiten da».
Zaintza lana «emakumeek egiten dute, aitortza sozialik gabekoa da, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikek eragiten diote, klaseak eta jatorriak zeharkatzen du eta pribatizatua dago. Baina landa eremuan baditu bertze aldagai batzuk hirigunean ageri ez direnak. Bertatik argi ikusten da bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren elementuen arteko lotura, bertze eremuetan baino argiago ikusten dugu, zaintzek lurrarekin nahiz inguruarekin, zaintzek herriarekin eta zaintzek komunitatearekin duten lotura».
Euskal Herriko emakumeak «menderatua dagoen jatorrizko herri bateko emakumeak gara. Mendeetan zapaldua izan den kultura eta hizkuntzaren transmisioan eta zaintzan eragile garrantzitsuak izan gara, eta gara gaur egun ere. Gure kultura, hizkuntza, eta bizimodua bizirik mantentzeko ezinbertzekoa den lana egiten dugu, bereziki Euskal Herriko landa eremuan. Lan honi esker oraindik bizirik dago mendeetan sistema honek hiltzera kondenatu nahi izan duen herria».
Egoera honen aitzinean, «Euskal Herriko landa eremuan zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko bidean, landa eremuak bizitza sostengatzeko duen garrantziaren aitortzatik abiatu behar dugu. Aitortza honek landa eremuko emakumeek bizitzaren defentsan egiten ditugun lan guztien aitortzatik pasatu behar du. Beraz, segi dezagun lanean, segi dezagun borrokan!».