2018an ailegatu zen Baztanera Veronica del Carmen Nicaraguatik, eta geroztik adinekoak zaintzen egin du lana. «Gauza aunitz utzi nituen gibelean ona etortzeko: nire alabak, familia, urtebetetzeak, graduazioak…». Eta lurralde, ohitura eta bizi estilo berri batera egokitu behar izan du. Eskualdean eta eskualdetik kanpo aritu da lanean bortz urte hauetan, baina beti interna moduan.
Euskal Herrian zer aurkituko zuen jakin gabe ailegatu zen: «Lurralde polita izanen zela erran zidaten, hemen hobeki biziko nintzela… baina ez da gauza bera erraten dizutena eta gero parean aurkitzen duzuna». Casedan hasi zen lanean lehenengo, baina hiru hilabete baizik ez zituen eman bertan. «Zaintzen nuen andreak janaria kentzen zidan eta ez zidan kozinatzen uzten, eta gizonak egun batean belarrondoko bat eman zidan. Nire bizitzan ordura arte inork ez ninduen ukitua, ezta nire aitak ere. Hasi berria nintzen eta egoerak aunitz atsekabetu ninduen».
Casedako lana utzi eta Doneztebera joan zen. Egoera ez zen xamurragoa izan:«700 euroren truke aritzen nintzen lanean eta asteburuak ere ez nituen libratzen. Egunean bi ordu libratzen nituen bakarrik. Lagun batek aunitz lagundu ninduen, eta bera gelditzen zen etxean ni paseatzera atera nendin. Horrela eman nituen zazpi hilabete».
«Paperak izanda errazagoa da zortzi orduko lan kontratu bat lortzea»
Doneztebekoa bukatzean Zubietara joan zen, hiru hilabeteko ordezkapen bat egitera. «Nik artrosia daukat, eta egun batean kolpe bat hartu nuen belaunean. Medikura joan nintzen Iruñera, eta nahiz eta nagusiari mediku agiria erakutsi lanetik bota ninduten, eta lanik gabe gelditu nintzen». Zubietakoaren ondotik Atarrabian, Iruñean, Andoainen… aritu izan da lanean, «batetik bertzera».
Lanean, baina paperik gabe aritu da beti. «Orain lanean ari naizen familiak erran dit kontratua eginen didala paperak lortu ahal izateko eta nik dokumentazio guztia prest dut horretarako». Argi dio: «Nire egoera erregularra balitz dena errazagoa litzateke. Paperik gabe epe motzeko lanak aurkitzen dira, baina aunitzetan kontraturik gabekoak, eta kontuz ibili behar duzu inspekzioekin. Paperekin errazagoa da zortzi orduko lanak aurkitzea». Horrez gainera, Nikaraguara itzultzeko aukera izanen luke. «Gaur egun nagoen egoeran hemendik joaten banaiz, gero ezinen nuke itzuli».
Egoera erregularra izan edo ez argi dio: «Gure eskubideak errespetatzea nahi dugu, paperekin ala gabe izan baditugulako. Familiek kontzientzia pixka bat izan beharko lukete eta ohartu gu garela zaintzaileak eta beren senitartekoekin denbora gehien pasatzen dugunak. Gure eskubideak lehenetsi beharko lituzteke, baina ez da hala. Lanetik botatzen gaituzte gure egoera kontuan hartu gabe. Guk dena ematen dugu, eta gero ez dugu beraien babesik jasotzen».
«Zaintzaileon lana fisikoa izaten da, eta aunitzetan ez dugu lanerako beharrezko materialik»
Zaintzaileen lana gogorra dela dio. «Lan fisiko handia izaten da, altxatu, dutxatu, aulki batetik bertzera mugitu… Aunitzetan gainera ez dugu lanerako beharrezko materialik, garabiak adibidez, eta horrek fisikoki aunitz nekatzen du. Fisikoki ez ezik psikologikoki ere lan gogorra da: «Etxez aunitz aldatzen dugu, guk zaintzen ditugun adinekoak hiltzen direlako, eta gogorra da batetik bertzera mugitzen ibiltzea. Gainera, ordu aunitz ematen ditugu etxean sartuak, eta horrek ere estresa sortzen du».
Gustuko lana du zaintza lana del Carmenek, baina, zalantza du behin paperak lortuta sektorean jarraituko ote duen. «Nire gaur egungo lana bukatuko nuke lehendabizi, eta gero uste dut bertze zerbait bilatuko dudala. Nire osasunari garrantzia eman behar diot, sentitzen dudalako hori bazterrean utzia dudala». Hala ere, gustura ariko litzateke hain fisikoa ez den zaintza lanean: «Etxea garbitzen, kozinatzen…».
Azaroaren 30ean ezinen du greba egin, baina, garrantzitsua iruditzen zaio zaintzaileen egoera bistaratzea. Horregatik, ahal duen heinean, baina, Elizondon eginen den ekintzaren batean parte hartu nahiko luke.