Abenduko agenda kulturala ekitaldiz gainezka Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 11:00

Baztan Kantuz ekimena Gartzainen izanen da hilaren 17an.

Baztango Kultura Zerbitzuak abenduko eskaintza bildu du eta kontzertuak, ikuskizunak eta azokak izanen dira nagusi hilabete honetan

Azokak

Baztango artisau eta ekoizleek merkatuak eginen dituzte Elizondoko plazan hilaren 2an, 8an, 9an, 23an eta 30ean. Erratzuko artisauek, aldiz, urteko azken merkatua eginen dute 3an, herriko plazan goizez.

'Kanpora sartzen' antzerkia

Txalo Produkzioak taldeko Intza Alkainek eta Xabier Fernandezek Kanpora sartzen umorezko antzezlana aurkeztuko dute abenduaren 10ean Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan.

Musika eskolaren emanaldiak

Baztango Musika Eskolak kontzertua eginen du Elizondoko Zahar Etxean, abenduaren 12an, asteartea, 17:30ean. Eguberrietako kontzertua, berriz, abenduaren 19an izanen da, 17:30ean Elizondoko elizan.

Baztan Kantuz Gartzainen

Musika eta kantua maite dutenek Gartzainen izanen dute hitzordua hilabete honetan, abenduaren 17an Baztan Kantuz ekimena bertan izanen baita. 12:00etan herriko plazan bilduko dira.

Bailableak Lekarozen

Dantzatzeko aukera ere izanen da abenduan, hilaren 17an, zehazki, Lekarozen. Elizondoko Gaiteroek mutxikoak, jotak eta larrain dantzak joko dituzte 12:30etik aitzinera.

'Jauzi' ikuskizuna

Dantza eta kantu ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da Iruritan abenduaren 22an, ortziralea, Iruritako Dantzari, Majoxko eta Elizondoko Koro Ttikiren eskutik. Herriko pilotalekuan 18:00etan izanen da emanaldia.

Magiklown magia eta pailazoak

Iruritako Guraso Elkarteak antolatua, magia eta pailazoen Magiklown ikuskizuna eginen dute abenduaren 29an, 17:00etan Gizarte Bilgunean. Haur boluntarioen laguntzarekin, magia truko harrigarriak eginen ditu Sebastian Dunkerke eta Panaiotis Fassoulasek osatutako bikoteak.

Baztan-Bidasoko bandak

Baztan-Bidasoko musika bandek kontzertu berezia prestatu dute abenduaren 30ean, larunbata. Aitzinerago emanen dute honi buruzko informazio gehiago, sare sozialen bidez.

Liburutegian ere ekitaldi ugari

Ikasturtearen hasmentarekin, Baztango Liburutegi Publikoak hainbat jarduera antolatu ditu udazken eta negurako. Haurrendako ipuinaren ordua, helduendako komiki eta poesia irakurle taldeak, adin guzietarako asteazken sortzaileak… Gainera, solasaldiak, kontzertuak eta erakusketak ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun