'Mendia femeninoan' erakusketa ikusgai izanen da abenduan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 17:00

Erakusketaren parte den irudia. Argazkia: Jon Martinez Ibarra.

Baztango Udalak antolatua, Jon Martinez Ibarra argazkilariaren erakusketa ikusgai egonen da Arizkunenea Kultur etxeko lehenbiziko solairuan, abenduaren 1etik 20ra. Mendi arloko 40 emakume erretratatu ditu Martinezek, eta horietatik 16 egonen dira erakusketan.

Mendian fememinoan

Mendiko kiroletan emakumeen presentzia ikusarazteko eta balioesteko erakusketa da. Kasu aunitzetan ezezaguna den errealitate bat erakustea du helburu. Berdintasunaz hitz egiten du, emakumeez hitz egiten du eta mendiaz hitz egiten du, baina mendia erakutsi gabe. Jon Martinez Ibarra argazkilariak mendi arloko 40 emakume erretratatu ditu. Horietako 16 daude erakusketa honetan. Erakusketan, mendi arloko modalitate ezberdinetako erreferenteen zuri-beltzeko erretratu-sorta paregabea ikus daiteke.

Mendia beren bizimodua bihurtu duten emakumeen argazkiak. Beren borondatea eta indarra erakusten dute, beren bizitzak mugara pasio batengatik eraman dituzten emakumeen ametsak ere erakusten dituzte. Energia transmititzen dute irudiek, bertan, begietara begiratzen diguten emakumeak daude, hausnartzera gonbidatzen gaituztenak.

Edurne Pasabanek, euskal alpinistak, honako hau zioen elkarrizketa batean: «mendia eskola handi bat da. Xumea izaten eta dauzkagun gauzak aintzat hartzen, adorea izaten, ez amore ematen, eta, batez ere, pertsonak eta natura errespetatzen irakatsi dit».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun