Baztan Hobetzen planari buruzko alegazio eta ekarpenak egiteko epea luzatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 12:00

Baztango Independenteak taldeak egindako eskaera aho batez onartu zuen udalbatzak eta abenduaren 31ra arte luzatu dute epea

Maiatzeko osoko bilkuran eman zion Baztango udalbatzak onespena Baztango herriguneak hobetzeko planari, eta bi hilabeteko epea ezarri zuten alegazioak eta ekarpenak egiteko. Baina uda tartean zenez «eta informazioa zabaldu eta jasotzeko garai txarra zela iritzita, epe berri bat zabaltzea erabaki zen, azaroaren 30era arte».

Izan ere, «udal gobernu taldearen asmoa plana garatzeko prozesua ahalik eta zabalena eta gardenena izatea» dela adierazi du Fernando Anbustegi alkateak. Hori dela eta,  aurkezpen bilerak egin zituzten lau kuarteletan eta Baztango 15 alkateekin, «herriz herriko afekzioak aztertuz eta planaren nondik norakoak zehatzago azalduz. Partikularrekin ere hamarnaka bilera egin direla» azaldu du, «ahalik eta informazio zehatzena eta osoena emateko asmoz».

Atzoko osoko bilkuran, Baztango Independenteek azaldu zuten «gai horren inguruan baztandarrek duten kezka eta zalantzak direla eta, dokumentu hauek irakurtzeko eta lantzeko denbora gehiago behar dutela». Hortaz, epea luzatzeko eskaria egin zuten, udalbatzak aho batez onartu zuen. Beraz, orain abenduraen 31ra arte aurkezten ahalko dira alegazioak eta ekarpenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun