Baztango Udalak elkartasuna adierazio dio palestinar herriari eta Isarelen erasoak salatu ditu

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 10:30

Irudia: Freepik.com

Atzoko osoko bilkuran, Baztango Udalak Palestinari buruzko mozioa onartu zuen, EH Bilduren eta Zurekin Baztanen aldeko 9 botorekin, UPN eta Geroa Bairen kontrako 2 botorekin eta Baztango Independenteen 2 abstentziorekin. Idatzian, Israelen erasoak salatu, palestinarren okupazioa amaitzeko eskatu eta Israeli boikota egiteko deia egin du udalbatzak.

Udalak onartutako mozioak adierazi duenez, «palestinar erresistentziak urriaren 7an egindako erasoaz geroztik, Israelgo indar armatuek orain arte ere etengabez zen palestinarren aurkako jazarpena haunditu dute, Gazan gogorren, baina Palestina osoan».

Israelek «hildakoen kopuruak goiti egiten segitzen du etengabe, eta proklamatu duen erabateko gerra deklarazioak, eta bere gobernuak iragarritako oinarrizko horniduren blokeoak, muturreko zaurgarritasun egoeran utzi ditu Gazako herritarrak. Azken horiek hainbat hamarkada daramatzate setiopean, Israelek palestinarren lurrak legez kanpo okupatzearen ondorioz».

UNRWAk (Palestinako errefuxiatuendako Nazio Batuen Agentziak) baieztatu duen bezala, «Gazan ikusten ari den  suntsipen mailak ez du aurrekaririk, alimaleko giza tragedia da. Nazio Batuek proportzio epikoko hondamendi humanitario gisa deskribatu dute. Hildakoen kopuruak gora egiten segitzen du modu ikaragarrian. Milaka heriotza zenbatu dituzte, horietatik aunitz zibilak, eta tartean milaka haur».

Honez gain, «milioi bat pertsona, Gazako biztanleriaren erdia, Gazako iparraldetik hegoaldera desplazatuak izan dira. Hala ere, hegoaldea ez da bonbardaketetatik libratu, eraso kopuru haundi bat izan baita. Ez dago toki segururik Gazan».

Horregatik guziagatik, Baztango Udalak:

  1. «Irmoki arbuiatzen ditu herritar zibilei egindako erasoak, eta elkartasuna adierazten die biktima guziei eta haien hurbilekoei. Kolektibo ahulenetako kide diren biktimak».
  2. «Eskatzen du Gazako Lerroaren eta Palestinako lurralde guztien gaineko setioa eta bonbardaketak gelditzea, bai eta laguntza humanitarioa sartzen dela bermatzea eta korridore humanitarioak bermatzea».
  3. «Uste du bake justu eta iraunkorrak herri palestinarraren aurkako okupazioa amaitzea eskatzen duela».
  4. «Premiazkotzat jotzen du elkarrizketa prozesu bat abian jartzeko beharrezkoak diren neurria guziak babestea, bake egoera justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko, okupazioaren amaiera eta Palestinako herriak autodeterminatzeko duen eskubidea bermatuz. Hori guztia Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak betetzean oinarrituta».
  5. «Eskatzen dio Nafarroako Gobernuari lurralde palestinarrean diharduten instituzio eta erakundeekin lanean segitzeko, eta indarrean dauden lankidetza proiektuei eusteko. Halaber, Palestinako herriari laguntza humanitarioa bermatzeko erreferentziazko UNRWA agentzia ere babesten du».
  6. «Eskatzen dio Nafarroako Gobernuari Israelekin dituen harreman diplomatiko, ekonomiko, akademiko edo edozein kolaborazio alde batera utzi ditzala».
  7. «Dei egiten die baztandarrei Israeli boikota egiteko eta nazioarteko mugimenduarekin bat egin dezaten. Dei egiten die ere, Palestinari elkartasuna adierazteko ekimenetan parte har dezaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun