Agoteen azterketa genetikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte larunbatean Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 22a, 10:00
Maitane Tirapu arkeologo eta antropologo nafarra DNA proba bat egiten.

Analisi genetikoan DNA lagina eman zuten herritarrendako izanen da aurkezpena, azaroaren 25ean 12:00etan Bozateko Lamiarrieta jauregian

Madrilgo Complutense Unibertsitateak agoteen jatorriari buruzko azterketa bat abiatu zuen 2020an Biologiako Fakultateko Antonio Gonzalez Martin ikerlariaren zuzendaritzapean. Horretarako, Bozateko barrideen hainbat DNA lagin hartu zituzten, agoteen ondorengoak izan daitezkeenak, eta Baztango bertze hainbat biztanleren laginekin konparatu zituzten.

DNAren laginen ikerketarekin segitzeko, mitogenoen sekuentziazio osoa eta kromosomen karakterizazioa egin zuten Compostelako Donejakuen, Genotipoaren Zentro Nazionalean. Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu zuten azterketa, eta Baztango Udal taldeak aho batez adostu zuen 3.000 euroko dirulaguntza ematea, «Bozateko bizilagunek historikoki sufritutako bazterketa aitortzeko eta erreparatzeko».

Orain, azterketan parte hartu zuten barrideei emaitzak aurkeztuko dizkie Gonzalez Martin ikerlariak, azaroaren 25ean 12:00etan Lamiarrietako jauregian. Ondotik, prentsara zabalduko dute aurkezpena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun