Oihu bat. Bertze bat. Bertze bat…
Irri bat. Bertze bat. Bertze bat…
Horma bat.
Buelta eman duzu, eta hortxe dago, gizon cis-hetero zuria. Zuri begira dago, inongo lotsa ez dardarrik gabe. Badakizu bera izan dela, zurekin dagoen lagunak ikusi baitu. Baina ez zara ausartzen. Ez zara ausartzen erasotu zaituen gizonarengana hurbiltzen. Badakizu zergatik erasotu zaituen, oihu eta irri horien artean marikoi edo marika hitza aditu duzulako. Badakizu erasoa homofoboa izan dela, eta ez dela ‘bertze bateri bota nahi zion horma’ baten kolpea izan.
Zure lagunek aitzin egin nahi diote egoera honi, baino zuk faborez eskatu diezu deus ez errateko, ez duzula haiekin liskarrik nahi. Ez duzu liskarrik sortu nahi, zure ustetan zure kulpaz sortatukoa baita liskar hori. Baina lagunekin solas egin duzu eta konturatu zara liskar hori haiek hasi dutela, hasierako oihu edo irri horiekin, eta liskarra larritu duen hormaren kolpe horrekin.
Berdin-berdin, ez duzu eraso horri aitzin egiteko indarrik, gogorik, ez nahirik. Badakizu eraso horri erantzuten badiozu egurra hartuko duzula bueltan. Edo erasotua izatetik erasotzaile izatera pasako zarela, ez delako horrenbertzerako izan, edo esajeratu duzulako.
Nazkatuta zaude, kriston amorruarekin, baina hor egon behar duzu, erasotzailea ondoan dagoen bitartean, bere guayote kuadrillarekin, deus pasatu ez balitz bezala. Badakizu bera etxera joan eta berdin-berdin lo eginen duela, zu zure gelan izutua zauden bitartean, oraingoan zerbait ‘suabea’ izan baita, baina hurrengoan edozein gauza izan daiteke.
Hurrengo goizean ernatu eta zure familiari ez diozu deus kontatu, beldur zarelako haien erantzunaz. Hor jakin duzu zure familia ere ez dela toki seguru bat zuretako. Kezka eta hausnarketa pilaren ondoren, harrokideekin biltzea erabaki duzu. Hor bai, seguru eta ulertua sentitu zara, erantzuteko prest, indarrarekin.
Baina ez da kasualitatea izan bilera horretan ulertua sentitzea, kontu eman zarelako horrelako erasoak etengabe ematen direla, eta zure lagunek ere egunerokoan sufritzen dutela.
Momentu horretan utopia batean sartu zara. Karrikatik joan eta ez dizu inorek deus erraten, armairuan dituzun belarritako haundienak paratu eta jada normala dirudi, larunbat gauean horma bota zintuenak gaur arratsaldean zutaz paso egin du. Kontent zaude. Bizitzen hasi zara 19 urte bizirik egon ondoren. Libre zara. Bestara atera zara eta inork ez du irri egin zure plumoiaz, ezta keinu edo begirada txar bat ere.
Horrelako batean marikoi hitza entzun duzu eta utopiak leher egin du, ezinezkoa egiten zaigulako gure bizitzak erdigunean paratzea, ez gaituztelako bizitzen uzten, beldurrarekin bizi garelako, batzuen irri-jolasa garelako.
Honetaz guztiaz hausnartu ondoren, konturatu zara zenbat balio duen saretuta egoteak, harrokideak izateak, hori delako zuretako gune seguru bakarra, eta bai, batzuek sinesten ez duten arren, feminismoak bizitzak salbatzen ditu, bertze batzuk hiltzen gaituzten bitartean.