SARAI MARITORENA ETXENIKE

«Teknikarik gabe, fisiko ona izatea alferrik da sokatiran»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 19a, 10:00
Irudia: Maialen Mutuberria

Amaiurko Sokatira Taldean aritzen den Berroetako neska da Sarai Maritorena Etxenike. Azaldu duenez, «bakoitzak bere burua definitzea ez da erraza, baina gazte mugitua naizela erranen nuke, helburu batekin buruan: zapalkuntzarik gabeko gizarte baten bidean!». Lagunekin planak egitea eta mendira joatea ditu zaletasun, eta noski, kirola.

Ttikitatik plazan

«Gaztetatik» ibili izan da herri kirolen munduan; «ttikitan Basaburuko herri kirol taldean aritzen nintzen, eta hor izan nuen lehendabiziko aukera sokatiran hasteko». 

Gerora, «talde honek ez zuen segidarik izan, eta Amaiurko Sokatira Taldea berriz ere martxan paratu behar zutela aditu nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu!». Hala ere, ez da egiten duen herri kirol bakarra: «gaur egun, herriz herrikoan Basaburua taldearekin arpanan parte hartzen dut».

«Kirol gogorra»

Nafarroako Sokatira Txapelketa berriki akituta, lan ederra egin du talde amaiurtarrak: «bigarren postuarekin ailegatu gara etxera». Horren gibelean, noski, «entrenamendu ordu aunitz» daude; «astean bi aldiz entrenatzen gara, polearekin eta elkarren kontra eginez, eta bakoitzak etxean ariketak egiten ditu fisikoa mantentzeko».

«Lehenago lehertzen da burua gorputza baino»

«Kirol gogorra» dela dio Maritorenak, «alde batetik, taldekide guztien artean egitura finko bat lortu beharra dugu, hau da,  bloke soil bat izatea. Bertzetik, nahiz eta tiradak motzak izan, goma gainean pasatzen ditugun minutuak arras bortitzak dira, gorputza muturrera eraman arte. Hor dago nahi eta ezin izatearen lehia».

Hala ere, «teknika da sokatirako gauzarik garrantzitsuenetakoa. Fisiko ona izanda ere, teknikarik ez baduzu, alferrik da». Hau «entrenamendutik entrenamendura ikasten da, eta hor paper garrantzitsua dute gure entrenatzaileek. Teknikoki landu beharreko gauzak aunitz dira: aipatutako bloke hori egitea, soka gorputzean ongi sartzea hankekin lan egin ahal izateko… lan haundiko kirola da».

Burua hotz

Gorputzaz eta teknikaz gain, buruaren lanketa ere ezinbertzekoa da; «gehienetan honi kontra egin behar diozu, gorputza baino lehenago lehertzen baita. Aunitzetan gainean sumatzen dugun presioa haundia izaten da». 

Horrek «niri txapelketa bateko bigarren jardunaldian eragin izan dit gehienbat. Hau da, lehenengo jardunaldian uste baino maila hobeagoa ematen baduzu, bigarreneko presioa sumatzen duzu emandako maila hori berdintzeko edo hobetzeko».

Goman sartu aitzinetik «urduri sentitzea» normala dela dio; «baina niri horrek eta ingurukoen oihuek indarra ematen didate tiratzeko». Izan ere, «taldeko kiroletan lehiatzea gustuko dut. Taldean aritzeak, bakarka aritzearen aldean, bertze konpromisoak ditu: entrenamenduetara egokitzea, erabakiak denon artean hartzea, gure arteko komunikazioa…».

Eman eta kendu

Sokatirak «jendea ezagutzeko aukera eman dit, eta plazera da haiekin plazara ateratzea. Gainera, giro arras ona dago herri kirolen munduan oro har». Baina dena ez da ona; «sokatiraren alde txarrena asteburu aunitz hortara bideratuak daudela da. Horrek plan aunitzi ezetz erran behar izatea exijitzen du».

«Taldeko kiroletan lehiatzea gustuko dut»

Eskualdean sokatirarako eta herriz herrikorako zaletasuna «indarra hartzen ari dela» dio Maritorenak, «eta tira, beharbada, azkeneko honetan sorpresatxo bat izanen dugu heldu den urterako».

Emakumeen kategorian ere «sokatira nahiko egoera onean dago, ikusi bertzerik ez da zenbat taldek parte hartzen dugun txapelketetan. Gainera, modalitate hau da herri kiroletan federatu gehien duena». Bertzetik, «geroz eta gehiago gara bertze probetan parte hartzen dugunak ere».

Etorkizunera begira, taldearen asmoak argi dituzte: «ikasten segitzea eta ahal bada txapelen bat etxera ekartzea!». Maritorenari dagokionez, «taldekideekin batera entrenatzen segitu nahi dut eta ongi prestatuz gero, noizbait munduko txapelketa batean parte hartzea gustatuko litzaidake».

Azkenik, «txirrinta duen edozein gonbidatu nahiko nuke sokatira probatzera. Kirol honek badu zerbait harrapatzen zaituena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun