Orain bi urte sortu zen Baztango Talde Ekosoziala, «indarrean den antolaketa soziala, hau da, kapitalismoa, bizitzeko baldintza biofisiko eta sozial guztiak xehatzen ari dela kezkaturik».
Izan ere, «urtez urte kezka handitzen ari da: klimaren aldaketa, muturreko gertakari klimatikoak (idorteak, uholdeak, oihanetako suteak…), krisi energetikoa, CO2 isuriak, biodibertsitatearen gainbehera… Eta baliabideak eskuratzeko inperialismoaren azkartzea eta aldiro estutzen ari diren herritarren bizi-baldintzak».
Hau lantzeko, «horri buruz mintzaldiak, mahai-inguruak, elkarretaratzeak… antolatu ditu Talde Ekosozialak, alternatibei buruzko gogoeta bultzatu bidenabar». Horrela, «oraingo atakan etsitu gabe, justizia sozialean eta lurraren muga biofisikoen barnean bizi ahal izateko proposamenak ere landu ditu, eta bidezko alternatiba horietan indar berezia egiten, kapitalismoa gaindituko duten antolamendu sozial ekologiko berrien alde. Geroaldi zuzenagoa ahal dela guztiz sinisturik».
Hortaz, «gai hauei buruz tirria duten herritarrek aukera izanen dute hori guztiari buruz aritzeko, eta nahi izanez gero, konprometitzeko, aipatutako merienda-aurkezpena aitzaki gisa harturik».