Menopausia eta klimaterioari buruzko ekintza zikloa antolatu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 14a, 09:00

Igandean, azaroaren 19an, gaiarekin lotutako bertso saioa eta bakarrizketa izanen dira Arizkuneneko sabaian 18:30ean

Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek, Berdintasun Batzordearekin elkarlanean, Menopausia eta klimaterioa ekintza zikloa antolatu dute azaroan. Azaldu dutenez, «emakumeok*, bizitzan, gure garapen pertsonalerako garrantzizkoak diren garaiak pasatzen ditugu. Pubertatea, amatasuna eta klimaterioa dira honen adibide batzuk. Garai bakoitzean sentsazio desberdinak sentitu ahal ditugu... baita zalantzak, beldurrak, kezkak etab. Ziklo menstruala, hasi bezala, akitu egiten da, lehenago edo geroago».

Hau «51 urteen bueltan gertatzen da, batez bertze. Interesgarria eta beharrezkoa da garai hauetan gure gorputzetan emanen diren aldaketen inguruko informazioa izatea. Baina jakin beharra dago ere menopausia ailegatu baino bi edo hiru urte lehenago, ahalmen hori duten emakumeen* ugaltzeko gaitasuna bukatzen hasten dela, eta aldaketa handiak gertatzen zaizkigu gorputzean. Klimaterioa esaten zaio aldi horri. Menopausia klimaterioaren ondoren dator, eta, emakume* guztiei eragiten digun arren, aunitzi kosta egiten zaigu nola sentitzen garen adieraztea, zalantzak galdetzea eta, oro har, horretaz solastatzea. Hainbat emakume* deseroso sentitu ohi gara ziklo edo aldi hortaz solastatzean, baita sexualitateaz eta plazeraz mintzo garenean ere. Klimaterioa eta menopausia batzuetan arazo nabarmenik gabe gerta daiteke baina, bertze batzuetan, ez da horren errez ematen».

Gaia lantzeko jarduerak

Hilaren 19an, igandea, honi buruzko bertso saioa eta bakarrizketa izanen dira Arizkuneneko sabaian 18:30ean. 

Azaroaren 24an eta 25ean, berriz, autoezagutzarako tailerra izanen da, Nire gorputza, nire arauak izenpean. Arizkuneneko hitzaldi aretoan izanen da lantegia, ortziralean 17:30etik 19:30era eta larunbatean 10:00etatik 12:00etara. Parte hartzeko izena eman beharko da, berdintasuna@baztan.eus helbidera idatziz edo 613 003 634 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun