Arrakastatsua izan da Nafarroako Lanbide Eskoletako enpresa simulatuen azoka Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 13a, 11:30

Hamaika ikastetxetako 410 ikaslek parte hartu zuten azokan eta Baztango Udaleko zein Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere bertaratu ziren. Elizondoko Lanbide Eskolako Ekoepel enpresa simulatuak irabazi zuen stand politenaren saria.

Nafarroako Enpresa Simulatuen XII. Azoka egin zuten joan den ortzirale goizean, eta Elizondoko Lanbide Eskolari egokitu zitzaionez antolaketa, Baztan pilotalekuan izan zen ekimena. Hamaika ikastetxetako 410 ikaslek parte hartu zuten guztira, eta 50 mahai edo stand paratu zituzten, simulatutako 81 enpresen eragiketen defentsan lan egiteko.

Ikastetxeetako ikasle eta irakasleez gain, azokan izan ziren Hezkuntza Departamentuko Luis Calatayud Yuste, Lanbide Heziketako Digitalizazioa eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendari Nagusia, eta Sonia Garcia Cifuentes, Lanbide Heziketako Kualifikazio eta Proiektuen Zerbitzuko Zuzendaria. Haiekin batera, Baztango Udaleko Fernando Anbustegi alkateak eta Anastasio Nagore eta Mariano Iribarren zinegotziek bisitatu zuten azoka.

Azken ekitaldian sari banaketa izan zuten. Alde batetik, elevator pitch onenaren saria Maria Ana Sanz ikastetxeko Drincake enpresak lortu zuen, irabiatuak eta cupcake naturalak egiten eta saltzen dituena. Stand politenaren saria, berriz, Elizondoko Lanbide Eskolako Ekoepel enpresak irabazi zuen, egurretik jatorritako produktuen salmentan aritzen dena; pelleta, paletak, folioak…

Akitzeko, Elizondoko ikastetxeak Iruñeko Maria Inmaculada zentroari pasatu zion lekukoa, heldu den urtean antolaketaz antolatzeko. Gainera, parte hartu zuten ikasle guziei kaiku bana oparitu zieten oroigarri gisa, ikastetxeko Mekanizazio arloko ikasleek eginak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun