Baztango herriguneak biziberritzeko lanean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 11a, 09:00

Baztango herriguneak biziberritzea, bertako eraikinak zaharberritzea, etxebizitzarako sarbidea bermatzea eta espazio eta ondare publikoak babestea. Hauek dira Baztango Udalak abiatutako Baztan Hobetzen plan bereziaren helburuak

Gotzon Olarte Gorosabel udaleko arkitektoak azaldu duenez, «eraikinak zaharberritzeko jendeak aurkitzen zituen arazoei erantzuna emateko beharretik» abiatu zen plana; «Baztanek etxe haundiak ditu, zaharberritzeko garestiak direnak». 

Hori konpontzeko, «legalki aukera hoberena Baztan Lehentasunez Zaharberritzeko Eremu izendatzea da. Horrela, Nafarroako Gobernutik hartutako dirulaguntzak bikoiztuko lirateke. Baina eremu hori izendatzeko, herriek araudi zehatz bat bete behar dute, tartean, 3.000 biztanle baino gutiago izatea. Hemengo errealitatea bertzelakoa da; udalerriak 3.000 pertsona baino gehiago ditu, baina herriguneak sakabanatuak daude eta Elizondok bakarrik gainditzen du kopuru hori. Izatez, herri ttikiak dira etxebizitzarako arazo handienak dituztenak, baina ez ziguten eremua izendatzeko eskaera onartu. Horregatik prestatu behar izan dugu dokumentu hau, denondako eskubide bera lortzeko».

2021ean abiatu zuten proiektua eta lau fasetan banatu dute. Lehenbiziko fasean, plana aurkeztu, egungo hirigintzaren egoeraren analisia egin eta herritarren parte hartze prozesua abiatu zuten. Bigarren fasean diagnostikoa idatzi eta aurreproiektua planteatu zuten, herritarren parte hartze prozesuarekin segituz. Gaur egun, hirugarren fasean dago proiektua; egindako lanaren emaitzak aurkeztu dituzte jendartean, ondorioak eta planaren proposamenak bilduz txosten eta planoetan. Herritarrek ekarpenak bildu ondotik, laugarren fasea hasiko da: behin betiko dokumentuaren idazketa. Plana osatzeko, Paisaje Transversal hirigintza diseinuko aholkularitza taldearekin egin du lan udalak.

Egungo egoera

Gaur egungo herriguneen egoera aztertzeko, 15 herriez gain, hainbat auzo barne hartu ditu planak: Arizkungo Aintzialde, Bozate eta Lamiarrieta; Gartzaingo Aitzano, Ariztegi eta Etxerri; Azpilkuetako Apaioa, Urrasun eta Zuaztoi; Elizondoko Antzanborda eta Etxaide; Erratzuko Gorostapolo eta Iñarbil; Lekarozko Aroztegia eta Oharriz; Arraiozko Mardea; Oronoz-Mugairiko Zozaia; eta Zigako Zigaurre.

2020ko datuen arabera, baztandarren % 75 herriguneen barnean bizi dira. Haranak 4.494 etxebizitza ditu guztira; horietatik % 68 etxebizitza nagusiak dira, % 25 hutsik daude eta % 7 bigarren etxebizitzak edo denbora baterako hutsik daude. 

Etxebizitza hauen bana bertzeko antzinatasuna 120 urtekoa da, eta % 10 egoera eskasean, txarrean edo hondatuak daude. 2010etik 976 etxebizitza zaharberritu dira, eta txostenetan azpimarratzen dira berritze hauek gauzatzeko zailtasunak, legedia ez baita egokitzen etxe horien ezaugarrietara.

2001etik etxebizitza kopurua % 21 igo da Baztanen, biztanleria, aldiz, % 3 bertzerik ez. Honen arrazoia etxe zaharren tipologia da, behar berrietara egokitzen ez dena; hiru, bi eta lagun bakarrarendako etxebizitzen beharra. Izan ere, etxebizitza gehienak haundiak dira, 148,49 m²rekin bana bertze. 

Etxebizitzak ez ezik, herriguneetako tipologiak, ondarea, azpiegiturak, espazio publikoak eta naturalak, mugikortasuna eta zerbitzuak ere aztertu dituzte. Honela, herrigune bakoitzean landu beharreko hainbat helburu zehaztu dituzte.

Baztango herriguneetako etxebizitza kopuruen mapa.

Prozesu parte hartzailea

Plana aitzinera eramateko, ezinbertzekoa ikusi dute herritarren parte hartzea. Horrela, bilerak antolatu dituzte herrietako alkate juratuekin eta eragileekin, eta lurraldea kuartelka banatuz, mapatze kolektiboak egin dituzte herritarrekin. «Hasieran jendearen ekarpenak bildu genituen proiektuaren proposamena idazteko, baina ez zen hain entzutetsua izan. Orain horren emaitza aurkeztu dugu, eta jendeak interes gehiago erakutsi du, bakoitzari nola eraginen dion jakin nahi dutelakoz». Jendeak herrietako alkateengana jo du informazio eske, «eta horregatik bilerak egin ditugu herri bakoitzeko ordezkariekin, haiek herritarrei informatzeko». 

Uda hasmentan alegazioetarako epea izan zen, «baina epe hori berriz ireki eta luzatu egin dugu, herritarrek haien ekarpenak egin ahal izateko. Herritarren adierazpen aunitz ezjakintasunetik datoz; ez dute gaur egun legean dagoen plana ezagutzen, normala den bezala, duela 20 urte sortu baitzen eta jendearen parte hartze murritzarekin egin zelakoz. Gure asmoa ekarpen hauek guziak banan-banan aztertzea da, bertze pausorik eman baino lehen».

Honez gain, prozesuan genero perspektiba txertatu dute. Helburua ingurune inklusiboagoak eta anitzak sortzea da, pertsona guztiei berdintasunean garatzeko aukera emanen diena eta portaera diskriminatzaileak saihesten dituena. Horregatik, prozesuko parte hartzaileen aniztasunaren garrantzia ere azpimarratu dute.

Ondorioak

Egungo egoeraren azterketa eginda eta prozesu parte hartzaileko ondorioak lortuta, hiru lan ildo nagusi nabarmendu dituzte herriguneak biziberritzeko: etxebizitzen birgaitzea, egunerokotasuneko bizi baldintzak hobetzea eta ingurumenaren zainketa.

Etxebizitzen birgaitzea: Gaur egun Baztanek dituen etxebizitzak jendartearen beharretara egokitzea du helburu. Horrela, eraikinak zaharberritzeko erraztasunak eman nahi dituzte, etxebizitza haundiak zatitu eta berriak sortu, eraginkortasun energetikoa bulkatu, irisgarritasuna hobetu (igogailuak paratuz, adibidez) eta babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza sustatu.

Egunerokotasuneko bizi baldintzak hobetzea: Herrigune bakoitzeko bizi baldintzak hobetzea ongizate kolektiboaren eta hurbileko jardunaren mesedetan. Bertzeak bertze, oinezkoen bideak eta irisgarritasuna hobetzea, aparkalekuen berrantolatzea, espazio publikoak sortzea eta hobetzea, erabilerarik gabeko azpiegiturei interes publikoko erabilera ematea eta jarduera komertzialak babestea.         

Ingurumenaren zainketa: Paisaia naturala babestea eta herriguneen eta naturaren arteko harremana hobetzea du helburu. Horretarako, herriguneen diseinu jasangarriagoa sustatuko dute, berdeguneak babestu, azpiegituren ingurumen inpaktua zaindu eta eraikuntzarako materialak erregulatu.

Proposamenak

Hiru lan ildo hauek jorratzeko, planak hainbat proposamen egin ditu. 

Alde batetik, espazio publikoetan eta bide sareetan aldaketak proposatu dituzte. Bideak berritu, oinezkoendako eta bizikletendako egokitu eta aparkalekuak moldatu nahi dituzte, baita herriguneen arteko loturak hobetu ere. Proposatutako aldaketa zehatz guztiak ikusgai daude planaren memoria justifikagarrian.

Eraikingintzan ere proposamenak egin dituzte, dagoeneko existitzen diren eraikinen aldeko apustua eginez; birgaitzeak, irisgarritasun baldintzen hobetzeak, eraginkortasun energetikoa eta etxebizitzen bizigarritasuna sustatuz. Herriguneen hornikuntzari dagokionez, erabilerarik gabeko eraikinen erosketa eta moldaketa proposatu dute, herritarren zerbitzura dauden erabilera anitzeko eraikin bihurtzeko.

Honez gain, ondare arkitektonikoa eta paisaia zaintzeko eta mantentzeko proposamenak egin dituzte. Horretarako, legez babestuko dituzte hainbat eraikuntza eta espazio publiko, Baztango arkitektura tradizionala errespetatuz eta behar berrietara egokituz.

Azkenik, etxebizitzak zaharberritzeko dirulaguntzak erraztu nahi dituzte, harana Lehentasunez Zaharberritzeko Eremu izendatuz. Gainera, lehentasuna emanen diote eraikin eta espazioen erosketari etxebizitza publikoak eta bertzelako zerbitzuak sortzeko.

Bertzalde, «plana egiten hasita, hirigintzako legedian aurkitzen genituen trabak zuzentzeko aprobetxatu dugu. Araudiari malgutasuna eman nahi diogu herritarrei pausoak errazteko. Gainera, eguzki panelak eta bertzelako aurrerakuntzak planteatu ditugu, baita eraginkortasun energetikoa lortzeko laguntzak ere».

Olarteren erranetan, «kontuan eduki behar da hau ez dela plan berri bat, plan berezi bat baizik. Gaur egun dugun planari dagokionez, nahiz eta 20 urte izan, bertan aurreikusitako gauza aunitz egin gabe daude oraindik. Horiek ez ditugu dokumentu honen barnean sartu. Honen helburua eraikinak zaharberritzeko prozesuan laguntzea da, udalaren aldetik dagoen bidea arintzen bederen. Planeko proposamenek ez dute epe zehatzik, poliki egin beharreko prozesua baita».

Planaren behin-behineko idazketa eskuragarri dago baztanhobetzen.baztan.eus webgunean eta udaletxean. Bertan ikusgai daude azterketaren helburuak, emaitzak, ondorioak, proposamenak eta planoak. Herritarren iritzia kontuan hartzeko, azaroaren 30era arte luzatu dute helegiteak aurkezteko epea. Ondotik, behin betiko plana idatziko dute, proiektuarekin aitzinera egiteko Baztan hobetzeko bidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun