Nafarroako lanbide eskoletako enpresa simulatuen azoka eginen dute ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 8a, 16:30

Elizondoko eskolako ikasleak 2018an Donapea institutuak antolatutako azokan.

Azaroaren 10ean, 09:00etatik 13:00etara, 11 ikastetxetako ikasleek haien enpresak aurkeztuko dituzte Baztan pilotalekuan

Ortzirale honetan, azaroaren 10ean, Nafarroako Enpresa Simulatuen XII. Azoka eginen dute. Aurten Elizondoko Lanbide Eskolari egokitu zaio antolakuntza lanetan aritzea, beraz, Elizondoko Baztan frontoian izanen da ekitaldia.

Nafarroako Lanbide Heziketako Administrazio eta Kudeaketako zikloetako ikasleek parte hartuko dute azokan, hamaika ikastetxeetatik etorriak: Iruñeko Donapea IIP, Carlos III. II, Maria Ana Sanz IIP, Cuatrovientos Institutuak, Nafarroako Down Sindromearen Elkarteak eta Maria Inmaculada IIP, San Adriango EGA BHIk, Tafallako IIPk, Lizarrako IIPk, Azkoiengo Ribera del Arga BHI eta Elizondo Lanbide Eskola IIP. Guztira, 410 ikaslek parte hartuko dute eta 50 mahai edo stand paratuko dituzte, simulatutako 81 enpresen eragiketen defentsan lan egiteko.

Azokaren ardatza «'Enpresa Ikasgelan' eta 'Enpresa-simulazioa' moduluetan sortu diren enpresen arteko merkataritza harremanen simulazioan oinarritzen da. Ikasleei aukera ematen die ikasgelan eskuratutako ezagutzak praktikan paratzeko eta enpresa baten benetako jardueraren antz handia duen esperientzia bat bizitzeko, bere merkataritza, kontabilitate, lan eta finantza kudeaketari dagokionez».

09:00etan hasiko da Norat haize, harat aise lelopean antolatutako egitaraua ate irekierarekin. 09:30ean izanen da inaugurazio ekitaldia eta 10:00etan abiatuko da feria, 12:30era arte. Orduan eginen dute akabera ekitaldia; stand politenari eta elevator pitch sinesgarriarenari sariak emanen dizkiete, eta diplomak eta oroigarriak banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Akitzeko, heldu den urtean azoka antolatzeaz arduratuko den ikastetxeari lekukoa emanen diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun