Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea eginen dute bihar arratsaldean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 10:30

Gernika-Palestina ekimenak Euskal Herri osoan egindako deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea eginen dute bihar, azaroaren 7an, Elizondoko plazan 19:00etan, Gazako sarraskia gelditzeko eskatuz. Elkarretaratzea antolatu duten herritarrek ondoko testua zabaldu dute, Xabi Torresek sinatua:

PALESTINAZ

Ez du merezi gaur zifrak ematea. Zifrek asaldatzen gaituzte lehenik, eta emozioa itotzen digute gero. Gehiegikerien eremuan gaude. Gizatasuna sentitzeko aldian. Pasatzen ahal ziren marra gorriak aspaldi pasatuak dira.

Zenbat gezur gara kapaz egiatzat hartzeko?

Zer gara kapaz aldarrikatzeko Palestinarren izenean, gure kontzientzia narkotizatuak arintzeko?

Iratzarri gara berriz errepikatzen den amesgaizto berarekin, ez gaitezen lokartu palestinarren gau luze honen argi-hastea ikusi gabe.

Urriaren 7an Palestinako erresistentzia osoa atera zen Gazatik, ez bakarrik Hamas. Palestinaren Askatasunerako Fronte Popularra, Fronte Demokratikoa, Yihad Islamikoa, Al Aksako Martirien Brigadak, eta bai, Hamasen Al Qasameko brigadak ere bai, Palestina atera zen Gazatik. Atera ziren ez direla errendituko erakustera, Israelgo armadak eta inteligentzia zerbitzu onenek zapalduen determinazioarekin ez dutela ezer egiterik erakustera. Ez zen propaganda izan. Egin zutena egin zuten beren bizitza propioak, beren familienak, beren auzokoen bizitzak jokoan daudela dakienaren kalkulua eginez, etorri zitezkeen eszenatoki guztiak kontutan hartuz. Hortik gaindi datorkigun guztia gezurra da: Israelek genozidioarekin jarraitu ahal izateko gezurra, Mendebaldeko interesak Ekialde  Hurbilean presente segitzeko gezurra. Gezurrik miserableenak.

Ergelak garelakoan engainatu nahi gaituzte, baina ez gara zozoak eta ez gaituzte engainatuko. Antisemita Israel da, Israelgo politika genozidek egiten dute hori, ez Hamasek. Defendatzeko eskubidea zangoperatuarena da, ez okupatzailearena. Itzal ditzagun telebistak.

Munduari berriz erakutsi diote Israelgo kolonialismoaren benetako aurpegia zein den. Genozidioa aspaldi hasi zen Palestinan, su motelean, mendebaldeko hipokrisia zuriaren konplizitatearekin, armekin, diruarekin eta negozioekin, Eurovision, Giro eta saskibaloi Euroligekin. Europari, arazoa hasi zuenaren diskurtso ofizialari kiratsa dario.

Mendebaldeak bere interesak defendatzen ditu, ez du zuzenbidea defendatzen, eta zuzenbidea aldarrikatzen duenean justiziarik gabeko zuzenbidea eskaintzen die palestinarrei. Israel bere harropuzkeriarekin ez da hori ere onartzeko kapaz. Eta ez dago su etenik. Eta harreman diplomatiko eta komertzialak indarrean daude.

Bukatu da Nazio Batuen Erakundeko erresoluzioak aldarrikatzeko aroa. Bukatu da ezertarako den negoziazio mahaia. Bukatu da Palestinako Aginte Nazionalaren autoritatea. Bukatu da bi estatuen soluzioa.

Orain, haragi puskak dardaka daude etxeen hormigoizko hondakinen artean.

Orain, palestinar umeek ez dute ametsik egiten.

Atzo ere ez.

Orain, Erresistentziaren ardatza jiraka dabil. Yemengo, Libanoko, Siriako, Irakeko, Irango eta Palestina bereko erresistentziak prest daude. Orain, munduko langileriaren eta agintarien arteko dibortzioa inoiz baino ageriagoa da palestinar kausari dagokionez. Ez gaituzte ordezkatzen. Orain, nazioarteko oreka inoiz ikusi gabeko abiaduran aldatzen ari da. Sionismoa galdua da. Herrien arteko xamurtasunean eta herrien duintasunean fedea edukitzeko garaia da, nork bere auzoan lan eginez. Gu ez gara inoren salbatzaileak izanen.

Bihar, laster, palestinarrak libre izanen dira.

Bihar, israeldarrek bi gauza egin beharko dute bertan bizitzen segitu nahi badute: palestinar herriari egin dioten mina aitortu, eta sionismoa alde batera utzi.

Orduan izanen da Palestina libre. Errekatik, itsasora.

Eutsi Gaza, hetsi Israel.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun