Plazara Dantzara taldea

«Baztango bestetan lehenbiziko aldiz mutil dantza baztertzailerik ez dantzatzea lortu dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 10:00

«Mugarri garrantzitsu bat gainditu dela» adierazi du Plazara Dantzara taldeak, eta eskerrak eman dizkiete «bidelagun izan ditugun aliatu eta konplizeei». Hala ere, «gertatutakoak gure oroimen historikoaren parte» izan behar duela azpimarratu dute, eta «egin den mina eta kaltea aitortu eta erreparatzeko bidea abiatu behar dugula».

Plazara Dantzara taldeak atzo egindako adierazpenean jakinarazi zuenez, «mutil dantza parekideak izateko borroka hasi zenetik, lehenbiziko aldiz erraten ahal dugu aurtengo herrietako bestetan mutil dantza baztertzailerik ez dantzatzea lortu dugula».

Garaipen hau «hamarkada luzeetan eman den borroka feministaren ondorioz lortu da. Baztan feminista bat eraikitzeko aitzinamendu nabarmena izan da aurtengoa». Aitzitik, «bazterkeriarekin akitu bada ere, baztertzaileak ez dira desagertu».

Hortaz, «gure herrietako plazetan pasatu denak gure oroimen historikoaren parte izan behar du. Memoria ezinbertzekoa da gertatu diren eraso, mespretxu eta bidegabekeriak errepikatu ez daitezen. Ez dugu atzentzen ahal Baztandarren Biltzarra egunean emakumeak dantza-tokitik aterarazi gintuztela eta txistulariak isildu zirela; Lekarozen herriko argiak itzali, iraindu eta mehatxatu gintuztela; Elbeteko plazan dantzara sartu ginelarik gizonek dantzatzeari uzteaz gain, han zeudenek iraindu eta bulkatu gintuztela; Ikastolako plazan ere, dantzara sartzean dantzatzeari utzi ziotela; Elizondoko elizatea bazterketa eremu bihurtu, eta dantzara sartu ginelarik iraindu gintuztela; Gartzainen bertze hainbertze; eta zenbait herritan emakumeek dantzatzea baino, nahiago izan dutela bestetako programatik mutil dantzak kentzea; eta lerro hauetan kabitzen ez diren bertze hainbat eraso gertatu dira herritar aunitzen begirada eta isiltasun konplizearekin».

Hala ere, «gogora ekarri nahi dugu bidean gurekin izan diren hainbat aliatu eta konplize. Bidelagun izan ditugu mehatxu eta erasoen aitzinean gure ondoan dantzatzen, txalotzen, eta animatzen aritu diren herritarrak; bazterketaren aitzinean isildu ez diren txistulari eta atabalariak; herriz herri mutil dantzak erakusten eta dantzatzen ibili direnak; mutil dantza baztertzaileak Baztandik kanpo geldiarazteko hain eraginkorra izan den Euskal Herriko sare feminista; mutil dantza baztertzailea geldiarazteko publikoki eskatu duten hautetsi, alkate eta instituzioak; etxeko gizon baztertzaileekin mahai-inguruan etsitu gabe eztabaidatzen aritu direnak; ez dugu atzenduko urtez urte handituz joan den aliatuen sare horri esker ailegatu garela momentu honetara. Gure eskerrik beroenak».

Lortutakoa «mugarri garrantzitsua bada ere, ez da aski baztertzearekin akitzea. Egin den mina eta kaltea aitortu eta erreparatzeko bidea abiatu behar dugu. Mutil dantza baztandar guzien ondare kulturala den neurrian, gure herrietako plazetan eta dantza eskoletan merezi duen tokia ematea denon ardura da. Sendatzeko bidea, beraz, mutil dantzaren ospea eta balioaren berreskuratzearekin etorriko da. Hortaz, baztandar guztiak animatzen ditugu Baztanek behar duen sendatze prozesu hau elkarrekin abiatzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun