Mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, ekitaldiz beteriko arratsaldea izan zuten Elizondoko haurrek asteartean. Zahar etxean bildu ziren lehenik eta kantuan eta dantzan aritu ziren bertan. Ondotik, kalejira izan zuten plazaraino trikitixa soinuaz lagunduak, eta txokolate beroa hartu zuten bertan. Aurpegia margotzeko eta kalabazak apaintzeko aukera izan ondotik, herrian barna ibili ziren 'saria edo ziria?' galdetuz herritarrei.
Buelta eginda, beldurra pasatzeko momentua izan zuten; gazteenak plazan bildu ziren Amaia Zinkunegi ipuin kontalariarekin eta zaharrenek liburutegian aditu zituzten Lur Kortaren beldurrezko istorioak. Eguna akitzeko, plazan elkartu ziren denak beldur erretzerako eta dantzaldia izan zuten.