Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko herri lanketa eginen du Baztango Udalak azaroaren 11n

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 1a, 18:00
Fernando Anbustegi, Baztango alkatea; Maite Uriarte, Baztango euskara teknikaria eta IƱigo Iturralde, Baztango euskara zinegotzia.

Baztango Euskararen Plan Estrategikoa aitzinerat doa eta herritarren parte hartzea sustatzeko, herri lanketa eginen du udalak azaroaren 11n, larunbata, 10:00etatik 13:00etara Arizkunenean. Azaroaren 9ra arte ematen ahalko da izena.

Baztango Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, «2023-2028 bitarteko Euskara Planaren erronka nagusiak irudiztatzeko hausnarketa eta eztabaida prozesua sustatu dugu. Azken hilabeteetan Baztango herritar eta eragileekin lan-mahaiak egin ondotik, hauetan jasotakoak bateratu, konpartitu eta osatzeko lanketa zabala eginen dugu azaroaren 11n».

Baztango euskararen egungo diagnosia osatuta, hurrengo bortz urteetarako plana diseinatzeko herritarren hitza aditu nahi dute, eta horretarako, azaroaren 11n herritar guztiei lanketa zabalean parte hartzeko deia luzatu diete. Haurrendako zaintza zerbitzua izanen da azaroaren 9ra arte egonen da zabalik izen ematea, galdetegia beteta edo euskarabaztan@gmail.com helbidera idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun