Jarduera kultural ugari izanen dira azaroan Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 1a, 08:00

Kontzertuak, ikuskizunak, solasaldiak, dantzaldiak, azokak eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira hilabete honetan

'Altxalili show'

Harro Baztan taldeak antolatua, kantua, antzerkia eta dantza biltzen dituen kabareta izanen da Arizkunenean, azaroaren 4an 19:30ean. Ipar Euskal Herrian bizi den LGTBIQ+ kolektiboko jendearen errealitatea erakusten du Altxalili show helduendako antzerkiak.

Jeff Espinoza eta The Gypsy Runner Trio

Folk, country, rock eta blues nahasketa jotzen duen talde amerikarra Arizkunenean egonen da hilaren 5ean 19:00etan. Konposizio originalak eta amerikar sustraiko musika aurkeztuko dute.

Ursaria

Madrilgo herri musika agertoki batera igotzeko proiektua aurkeztuko dute azaroaren 12an 19:00etan Arizkunenean: seguidillak, jargoiak, txotisak, maioak, polkak eta mazurkak, errondak, jotak…

Bailableak Elizondon

Elizondoko Gaiteroek muxikoak, jotak eta larrain-dantzak dantzatzeko aukera emanen dute azaroaren 12an, igandea, 12:30ean Elizondoko plazan. 

'Nire espazioa eman' bakarrizketa

Euskarabideak antolatua, 4-12 urte bitarteko haurrei eta hauen ardura duten helduei zuzendutako bakarrizketa izanen da azaroaren 15ean, 18:00etan Elizondoko Eskolan. Europako Kontseiluak adingabeen aurkako sexu-indarkeria prebenitzeko egindako gidan oinarritzen da ekitaldia, haurrek kontzientzia har dezaten modu dibertigarrian.

'Liburu sendalaria' ipuin kontaketa antzeztua

Haurrendako hitzordua izanen da hilaren 16an Amaiurko Otsondo gelan 17:30ean, Euskarabideak antolatua. Liburuen sendalariaren istorio kontatzen du ipuinak, bizikidetzarako eta hazkuntza pertsonalerako balioak transmitituz.

Baztan Kantuz

Kantatzea gustuko dutenek Azpilkuetan izanen dute hitzordua azaroan. Hilaren 19an, igandea, herriko plazan bilduko dira 12:00etan.

Menopausiaz bertsotan

Menopausia solasgai, bertsoak eta bakarrizketa izanen dira azaroaren 19an, Arizkuneneko sabaian 18:30ean. Udaleko Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek antolatu dute hitzordua.

Santa Zezilia Eguna

Urtero bezala, Baztango Musika Eskolak kalejira antolatu du Elizondoko karriketan azaroaren 21ean, 17:00etan hasita. Euria eginez gero, Braulio Iriarte pilotalekuan izanen da emanaldia.

Menopausiaren auto ezagutza

Neska gazte eta emakumeei zuendutako Nire gorputza, nire arauak tailerra antolatu dute Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek azaroaren 24an eta 25ean. Emakumeen bizitzan ematen diren ziklo eta aldaketen inguruko kontzientzia eta ezagutza eskuratzeko lanketa eginen dute bi saiotan; ortziralean 17:30etik 19:30era eta larunbatean 10:00etatik 12:00etara.

Azaroak 25: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna

Baztango Talde Feministak eta Iñarrosi Neska* Gazteen Taldeak mobilizazioa antolatu dute azaroaren 25ean 19:00etan Elizondoko plazatik abiatuta.

'Trapu zikinak' helduendako antzerkia

Lore-More antzerki taldeak Trapu zikinak antzezlana aurkeztuko du 26an Iruritako Gizarte Bilgunean 19:00etan. Herri garbilekuak ardatz hartuta, intimitatearen eta indarkeriaren inguruko hausnarketa egiten du lanak.

Azokak Elizondoko plazan

Hilabetero bezala, Baztango ekoizleek eta artisauek haien produktuak erakusgai eta salgai izanen dituzte Elizondoko plazan larunbatetan, azaroaren 2an eta 18an zehazki, goizez.

Liburutegian ere jarduera ugari

Hilabetero bezala, herritar guziendako eskaintza izanen du Baztango Liburutegi Publikoak azaroan. Hilabeteko asteazken batez, ipuinaren ordua izanen da haurrendako 17:00etan. Helduendako, berriz, komiki irakurle taldea hileko ortzegun batez bilduko da 19:00etan eta poesia irakurle taldea astearte batez 18:30ean. Honez gain, asteazken sortzaileak eginen dituzte sormena lantzeko, eta ortziraletan mahai-jokoak izanen dira denen eskura. Hau osatzeko, solasaldiak, kontzertuak, erakusketak eta bertze hainbat ekitaldi antolatuko dituzte udazken honetan. Informazio gehiago eskuragarri liburutegiko Telegram kanalean (@baztangolibupubli).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun