Usoa Meokiri tokatu zaio Saharaztanen tonbolako bizikleta

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 30a, 19:00
Katea Bikeko bizikleta Usoa Meokirentzat izan da.

Aurten ere tonbola solidarioa egin du Saharaztan Baztan-Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeak Elizondoko ferietan, eta taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie «beraien produktuak, zerbitzuak, eskulanak...» eman dituzten guztiei eta ferietako postuan parte hartu zuten erosle guztiei.

«Bertze urte batez, borondate guztiarekin beraien produktuak, zerbitzuak, eskulanak, etab. eman dizkiguten lantegiei, komertzio ttikiei, artisauei, norbanakoei, entitateei, zerbitzuei...» eskerrak eman nahi izan dizkie Saharaztanek ohar bidez: «Gure lankidetza eskaera hain eskuzabaltasunez erantzuteagatik, bai Baztan Bidasoa eskualdean, baita hemendik kanpo ere».

Eta bertzetik, «ferietan gure postuko tonbola solidarioan parte hartu duten erosle guztiei» ere bidali nahi izan diete eskertzeko mezua: «beraien sosekin gure egitasmoak aitzinerat ateratzen laguntzen baitute». Aurtengoan Katea Bike-ko bizikleta izan da opari berezia eta Usoa Meokirentzat izan da.

Bide batez, Saharaztanen asmoetako bat «udako harrera familia kopurua handitzea» dela ere oroitarazi nahi izan du taldeak, eta hortaz, «heldu den udarako harrera familia izateko informazioa nahi baduzue idatzi saharaztan@hotmail.com helbidera edo Facebooken aurkituko gaituzue».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun