Baztango Geroa Baik salatu du Nafarroako kultura plan berriak Baztan eta Pirinioaurre osoa baztertzen dituela

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 26a, 15:00

Irudia: Irantzu Pastor.

Koalizioak azaldu duenez, planak bilera parte hartzaileak aurreikusi ditu Tuteran, Tafallan, Lizarran, Iruñean, Zangozan eta Altsasun, «baina ez gure lurraldean. Hori bidegabekeria konparatibo onartezina da, eta modu tamalgarrian baztertzen ditu Baztango harana, Bidasoaren arroa eta, oro har, Pirinioaurreko eta Nafarroako Pirinioetako udalerri guztiak»

Nafarroako Foru Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak abian jarri du, Vianako Printzeko Kultura Zuzendaritzaren bidez, Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoa egiteko prozesua. Baztango Geroa Baik salatu duenez, «bertan nabaritzen da Belateko mendatetik goiti dagoen Nafarroa osoa baztertzen eta ahazten dela, eta are gehiago, Pirinio osoa».

Prozesu parte hartzaile bat aurreikusi dute Tuteran, Tafallan, Lizarran, Iruñean, Zangozan eta Altsasun. «Sektorekako, lurraldeko eta zeharkako 15 bilkura egitea aurreikusi da. Bilkura horiek Nafarroako gizarteko hainbat sektoreri zuzenduko zaizkie, baina ez gure lurraldeari», salatu du koalizioak. «Hori bidegabekeria konparatibo onartezina da, eta berriz ere modu tamalgarrian baztertzen ditu Baztango harana, Bidasoaren arroa eta, oro har, Pirinioaurreko eta Nafarroako Pirinioetako udalerri guztiak».

Udal taldeak azaldu duenez, «gure despopulazio arazoei, biztanleria finkatzen duten industrien faltari eta zerbitzuen itxiera eta murrizketa arriskutsuari marjinazioa eta ahaztura instituzionalak gehitzen badizkiegu, bigarren mailako herritarrak izatera kondenatzen gaituzte, eta hori ez dator bat beharrezko helburuekin. Hala nola, lurralde kohesioa eta oreka, biztanleriaren galeraren aurkako borroka eta tratu berdintasuna»

Horregatik, «eskatzen dugu Nafarroako Foru Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzearen Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak iragarritako plana zuzendu dezala eta iragarritako prozesuan eskualde atzenduak sar daitezela».

Izan ere, «uste dugu kultura ondare aberats baten oinordekoak eta mantentzaileak garela, eta aldarrikatzen dugu, Nafarroa osoan bezala, Kulturaren Plan Estrategikoa egiten parte hartzeko dugun eskubidea, bai eta inor atzean utzi gabe herritarren onerako proiektatzen den beste edozein ere», azaldu du koalizioak. «Gure ustez, gainerako nafarrek bezala, kultur arloan ere badugu zer erran eta zer eman».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun