Gau Beltza ospatuko dute Elizondon urriaren 31n

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 19:00
Irudia: Ondikol.

Haurrek hainbat ekitaldi izanen dituzte astearte arratsaldean herrian, eta egunerako prestatzeko hitzordua izanen dute igandean ere

Elizondoko Gau Beltza batzordeak ospakizuna antolatu du hirugarren urtez urriaren 31n, Elizondoko Herriaren, liburutegiaren, Bertan elkartearen eta zahar etxearen laguntzarekin. Asteartea baino lehen, igande honetan plazan elkartuko dira 16:30ean, eta marrazketa tailerra eta dantza eta kantaren entsegua izanen dute.

Hilaren 31n, berriz, hainbat ekitaldi eginen dituzte arratsaldean. 17:00etan zahar etxean hasiko dute jardunaldia, bertako egoiliarrekin kantatzeko eta dantzatzeko eta egindako marrazkiak banatzeko. 17:30ean kalejira eginen dute trikitixaren soinuarekin plazaraino. Bertan, txokolatada, aurpegi margotzea eta kalabaza apainketa izanen dute. Txokolatadarako norberak bere edalontzia eramateko eskatu dute antolatzaileek.

18:30ean bi jarduera izanen dituzte. 7-9 urtekoendako Gaubela izanen da herrian barna, saria edo ziria? eskatuz. Gero, ipuin kontalaria plazan Amaia Zinkunegirekin. 10-12 urteko haur koxkorrendako Bide Beltza izanen da herrian barna, eta ondotik beldurrezko istorioak aditzeko aukera izanen dute Liburutegi Publikoan, Lur Kortaren eskutik. 19:30ean plazan elkartuko dira denak berriz beldur erretzerako eta 20:00etan dantzaldia izanen da. Honez gain, gaztaina jatea eta sagardoa ere izanen da. Ekintza gehienak plazan eginen dituzte, baina euria eginez gero Iriarte pilotalekuan izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun