Kortariko gasna txapeldunen txapeldun izendatu dute Ordizian

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 16:30
Irudia: Laida Goiburu / Goierriko Hitza

Azken hamar urteetako irabazleek parte hartu dute lehiaketan eta Julen Arburuak lortu du txapela 8,9 punturekin

Ordiziako Udalak eta Idiazabal Gaztaren kofradiak, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz, Ordizia Txapeldun gasna lehiaketaren 36. edizioa antolatu du gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian. Bertan, azken 10 urteetan, 2014tik 2023ra, Euskal Jaietako Gazta Txapelketa irabazi duten gasnagileek parte hartu dute. Hirugarren urtez segidan, Orabideko Kortariko gasna izan da txapeldun 8,9 punturekin eta Julen Arburua gasnagileak bildu du saria. 8,5 puntu baino gehiago lortu duenez, Urrezko Gazta saria ere eman diote lekaroztarrari. Bigarren eta hirugarren sariak Segurako Ondarre gasnategiak lortu ditu.

Zazpi gasnategik parte hartu dute lehiaketan: Segurako Ondarre (2014ko, 2021eko eta 2023ko irabazlea), Zeanuriko Ipiñaburu (2015), Ordiziako Otatza (2016), Aiako Agerre-Buru (2017), Lekarozko Kortaria (2018 eta 2019), Larreako Gazta (2020) eta Illarduiako La Leze (2022).

Epaimahaia, berriz, Jakitea Elkarteko Vera Maria Arrietak, Cebanceko Paloma Enriquezek, Rekondo jatetxeko Iñaki Arrietak, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Victoria Urrestik eta Patxi Perezek eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastonomia) kazetariek osatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun