Arrakastatsua izan da Baigorriko eta Baztango gazteen arteko bigarren topaketa

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 24a, 14:30

Baigorriko Domaine Oronozia aterpean pasatu dute asteburua 27 gaztek eta hainbat jarduera egin dituzte

Joan den ortziralean abiatu zen Baigorriko eta Baztango Udalek antolaturiko bi bailaretako gazteen arteko topaketaren bigarren edizioa. Topaketan 12 eta 15 urte bitarteko 27 gaztek hartu zuten parte, eta udaberrian Amaiurren bildu baziren, oraingoan Baigorriko herrian elkartu dira. 12 baztandarrek eta 15 baigorriarrek Domaine Oronozia aterpean pasa dute asteburua, mugako bi aldeetako biztanleen antzinako harremanak berreskuratzeko eta euskara zabaltzeko, erabiltzeko eta euskalkiak partekatzeko helburuarekin.

Balorazioen arabera, «topaketa arras ongi joan da, eta gazteak arras gustura egon dira». Arduradunek, «egonaldiko giro ederra» azpimarratu nahi izan dute. Lehendabiziko edizioan baino talde ttikiagoa izan da, «baina denak gogotsu aritu dira eta jarduera guztiak aurreikusi bezala burutu ahal izan dira, eguraldiak ez baitu traba gehiegirik egin».

Bi haranetako gazteen arteko harremana sustatu eta etorkizuneko sareak ehuntzeko asmoz, egitarau erakargarria prestatu zuten astebururako. Ortziralean, behin Baigorrin bilduta, parte hartzaile guziei harrera egin zitzaien Oronozia aterpetxean eta ezagutza joko batzuekin hasi zuten egonaldia. Gero, denek elkarrekin afaldu zuten eta ondotik gaubelari hasiera eman zioten.

Larunbatean, 08:00etan gosaltzeko elkartu ziren, 09:30 aldera Bankako meategietarat bisita egin ahal izateko. Lurpean sartu eta meategiak bisitatu ondotik, piknik bat egin zuten, indarrak biltzeko. Arratsaldean Bidarrairat joan zen taldea, raftinga eginez errekan behera gozatu ahal izateko. Akitzean, Oronoziarat bueltatu ziren, afaldu eta gaubelarekin egunari akabaila emateko.

Igandean, azken egunean, gosaldu ondotik pintxo lehiaketa egin zuten. Taldeka pintxoak prestatu zituzten eta akitzean, prestatutakoa dastatu eta bakoitza bere etxera itzuli zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun