'Etxetxipia' film laburraren proiekzioa eta Uhaldeko baserrira bisita izan zuten atzo Gartzainen

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 19:00
Irudia: Ondikol.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Berditasun Teknikarien Sareak hainbat ekitaldi antolatu ditu urrian, tartean atzo goizean Gartzainen egin zutena.

Lehenik Etxetxipia film laburra ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Maria Jesus Larretxea Etxetxipiko gasnagilea du protagonista film laburrak, eta grabazioaren nondik norakoak azaldu zituen. Filmak hainbat gai lantzen ditu; emakume nekazarien eguneroko lan pilaketa, belaunaldi erreleboaren arazoa, landa eremuko problematikak, nekazaritzaren beharra…

Ondotik, Uhaldeko baserrira bisita gidatua egin zuten Amaia Iturririaren eskutik, eta bertze ekoizle batzuk ere haien esperientziak eta ekoizteko ereduak azaldu zituzten. Giro ederra izan zuten bisitan eta eskualdeko baserrietan egiten diren artisau prozesu luze eta mamitsuak ulertzeko balio izan zuen.

Azkenik, omenaldia egin zioten Maria Jesusi, bizi oso bateko lana aitortzeko. Idoia alabak hartu zuen hitza eta ilobak lore sorta eman zion. Bertzeak bertze, «emakumeen funtsezko papera gizarteko edozein esparrutan» nabarmendu zuten eta eskerrak eman zizkioten Maria Jesusi, «urte luzez Baztango bailara zure produktuekin hornitu izanagatik, egindako sakrifizio guziengatik, familia eta lanaren alde eman duzun guziagatik…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun