Akabaila ederra eman diote Larrazken Kulturalari Gamioxarrean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 15:00

Aste osoan sagarrak biltzen aritu ondotik larunbatean egin zuten sagar jotzea eta kupelaratzea Arizkunen

Gamioxarreko dolarea martxan paratu du aurten ere Jo ala Jo kultur elkarteak, Larrazken Kulturalaren testuinguruan. Sagar bilketak eta garbiketak egin zituzten joan den astean jendearen laguntzarekin, eta larunbatean izan zuten egun nagusia. Goizean sagarrak bildu zituzten, eta guzira 1.500 sagar kilo inguru jo ziren. Bazkaria ere bertan egin zuten, eta arratsaldean hasi zen tinkaldia; 700 bat litro sagardorekin bete zituzten kupelak. Azpilkuetako Ollategiko eta Arizkungo Batzabaleko sagarrak erabili dituzte aurten.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «ez genuen besta haundi bat egin nahi, hurbiltzen zirenek parte hartzea baizik. Sagarra jotzen eta kantatuz aritu ginen giro ederrean. Hilabete pare batera zukua sagardotua egonen da, edateko prest».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun