Zigako eskola ez dela hetsiko jakinarazi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 17:30

Joan den ikasturtean jakinarazi zieten Zigako eskolako langile eta gurasoei aurtengoa azkeneko ikasturtea izanen zutela. Sei ikasle dituzte gaur egun, baina hurrengo urtean lau bertzerik ez dira geldituko.

Eskola maparen arabera, Zigako eskola hesten bada, gelditzen diren haurrendako Elizondoko eskola da oinarrizko eskualdeko zentroa, eta Elizondorat joan-etorrian ibiltzeko familiek garraio eta jangela zerbitzuetarako dirulaguntza izanen lukete.

Baina haurrak bertze eskola ttiki batera bidaltzeko asmoarekin, familiek bilerak egiten aritu dira ikasturte honetan eskolako zuzendariarekin, gobernuko ikuskariarekin eta hezkuntza zinegotziarekin, eskola mapa aldatzeko.

Hala ere, aste honetan Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Felix Tabernak, jakinarazi du Hezkuntza Departamentuak ez duela inongo asmorik Zigako eskola hesteko. Adibide gisa paratu du Aurizko eskola, aurtengo ikasturtean lau ikasle bertzerik ez dituenak matrikulatuak. Beraz, Zigako eskolak irekia segituko du hurrengo ikasturtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun