'Zombis del capital' liburua aurkeztuko dute asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 11:00

Raul Zelik politologo alemaniarrak aurkeztuko du bere liburua. Irudia: Ferran Cornellà.

Urriaren 25ean 19:00etan Arizkunenean bere azkeneko liburua aurkeztuko du Raul Zelik alemaniar politologoak

Baztango Talde Ekosozialak antolatua, Zombis del capital. Sobre monstruos polìticos y un socialismo verde saiakera aurkeztuko du Raul Zelik autoreak heldu den asteazkenean Arizkunenean 19:00etan.

Unibertsitatean irakasle aritua da Zelik, Alemaniako Die Linke ezkerreko alderdiko kide da, baita Rosa Luxembourg fundazioko kide ere. Euskal Herriarekin harremana du aspalditik, eta horren adibidea da Sarrionaindiaren Lagun izoztua liburua alemanera itzuli izana.

Taldeak Ekosozialak azaldu duenez, liburuan «oraingo krisi testuinguruari buruz gogoeta egiten du egileak, krisi sozioekologikoaren ondorio eta sakontasunari buruz, erranez bizimodu on eta bidezko baterako oinarriak xehatzen ari dela kapitalismoa».

Hori dela eta, «kapitalismoa gainditzeko sozialismoaren hoberena berreskuratu behar dela aipatzen du eta horrek nahitaez ekologismoari buruz mintzatzea dakarrela. Zelikek dio lana dela aberastasuna sortzen duena, ez dirua; eta ekonomia guztiek ingurune naturalarekin harreman iraunkorra behar dutela. Horregatik gizartearen eta naturaren arteko metabolismoa da gakoa: zenbat eta zein baliabide kontsumitzen dituen gizarte batek eta zenbat eta zein hondakin sortzen edo zenbat eta zein substantzia isurtzen dituen. Gizartearen metabolismoak naturak birsortzeko duen ahalmena gainditzen duelarik, jendarte hori desagertuko da».

Hortaz, «funtsezkoa da zer eta nola produzitu eta hori guztia nola banatu, planeta mugatua dela kontuan harturik, betiere. Munduko herri eta herritar guztiendako bidezko alternatiba sozialismo berdeztuarekin bakarrik etorri daitekeela dio, mugimendu berritu bat, narratiba berriarekin eta proposamen zehatzekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun