Baztango EH Bilduk Palestinaren zapalkuntza salatu eta larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 16:00

'Palestina askatu' lemapean kartelak paratu dituzte Baztango karriketan, «Israelgo estatuak palestinar herriaren aurka aurrera daraman genozidioa salatzeko»

Baztango EH Bilduk azaldu duenez, «egunetik egunera Gazaren aurkako bonbardaketak eta lurralde okupatuetako jazarpena gogortzen ari da Israel. Milaka dira azken hamar egunetan eraildakoak, tartean ehunka haur. Sarraski hori gauzatzen ari den bitartean, Israelek Ameriketako Estatu Batuen babes irmoa jaso du».

Hala ere, «ez da oraingoa, hamarkadetan etengabekoa baizik, sionismoak palestinarren aurka darabilen genozidio politika. Ilegalki okupatutako lurraldeak, etxebizitzak etengabe eraistea, hilketak, atxiloketak eta torturak, Gazaren gaineko blokeoa eta bonbardaketa etengabeak… Azken boladan gogortu egin du gainera jokamolde hau estatu sionistak».

Honen aitzinean, EH Bilduk «bertze behin, irmoki salatu nahi dugu urteetako zapalkuntza hau eta horren aurrean Europako estatu gehienek, Espainiak barne, Israeli eskaintzen dioten babesa. Erresuma Batuak ikur palestinarrak erakusteko ezarritako debekua eta Frantziako estatuak palestinarren aldeko mobilizazioak debekatu izana horren lekuko dira».

Hori dela eta, 'Palestina askatu' lemarekin lagunduta, «kartelak paratu ditugu Baztango karriketan. Ekimen honekin, Israelgo estatuak palestinar herriaren aurka aurrera daraman genozidioa salatu nahi dugu. Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta lurren okupazioaren amaiera aldarrikatzeko».

Gainera, Baztango herritarrei «palestinaren aldeko ekimenetan parte hartzeko» deia egin diete, «bereziki urriaren 21ean Gernika-Palestina ekimenak Donostian deitutako manifestazio nazionalean». Manifestazioa Antiguoko tunelean hasiko da 17:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun