Baigorriko eta Baztango gazteen bigarren topaketa eginen dute asteburu honetan Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 10:00

Udaberrian Amaiurren elkartu ziren Baztan eta Baigorriko gazteak.

Ortzirale arratsetik igandera arte hainbat jarduera eginen dituzte

Urriaren 20tik 22ra iraganen da Baigorriko eta Baztango gazteen arteko bigarren topaketa, Atzoko, gaurko eta biharko sareak, nor bizi da Izpegiren bertze aldean? goiburupean. Udaberrian trukaketa Amaiurren gauzatu bazen, udazken honetan Baigorrin eginen da, Oronozia aterpetxean.

Bi udalek antolatu dute egonaldia eta helburu nagusia bi haranetako biztanleriaren, eta kasu honetan, gazteen arteko harremana sustatzea da, etorkizuneko sareak ehuntzeko asmoz. Hortaz, egitarau zabala prestatu dute astebururako:

  • Urriaren 20an, ortzirale arratsean, harrera eginen zaie gazteei eta elkar-ezagutza jokoak proposatuko dituzte.
  • Urriaren 21ean, larunbat goizean lurpera sartuko dira Bankako meategiak bisitatzeko eta arratsaldean uretan murgilduko dira, raftinga eginez Bidarrain.
  • Urriaren 22an, igandean pintxo lehiaketa bat proposatuko zaie taldeka. Sukaldean prestatutakoa dastatu eta gero, bakoitza bere etxera itzuliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun