Kirikoketa besta eginen dute larunbatean Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 17:30

Bestarako prestatzeko hainbat hitzordu izanen dira aste honetan herrian

Jo Ala Jo Kultur Elkarteak Kirikoketa besta antolatu du aurten ere Arizkunen, urriaren 21ean, egun osoko egitarauarekin. Hala ere, larunbaterako prestatzeko hainbat jarduera eginen dituzte aste tartez.

Bihar eta etzi, urriaren 17an eta 18an, Gamioxarrean bilduko dira 16:00etan sagarrak biltzeko eta garbitzeko. Azaldu dutenez, «Gamioxarreko dolarea martxan paratzea animatzen garen guzien artean eginen da». Hortaz, herritarrak prozesua ikastera eta parte hartzera animatu dituzte. Urriaren 20an, ortziralea, prestaketak eginen dituzte eta sagar jotzea hasiko dute 17:00etatik 21:00etara. Jendea lanerako prest joatera animatu dute, «eta ekarri zure musika tresna, badaezpada».

Larunbatean, berriz, argi soinuekin abiatuko dute besta. Dolareko lanak hasiko dira ondotik; sagar jotzea, tinkaldia eta kupelaratzea, eta hauek akitzean Kirikoketa jotzea eginen dute. Bazkaria autogestionatua izanen da, norberak berea ekarrita, eta ondotik mutil dantzak dantzatuko dituzte eta txalaparta librea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun