Ekosistemen zerbitzuak ezagutzeko ibilaldia egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 14:30

Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti Elkarteak antolaturik, hainbat lagun bildu ziren larunbatean Elizondon, gizakiari onurak ematen dizkioten ingurumen-baliabideak eta prozedurak ezagutzeko. Ibone Ametzaga izan zen hizlaria, biologian doktorea eta EHUren UNESCO katedraren zuzendaria garapen-iraunkor eta ingurumen-hezkuntzan.

Herri berde eta bizigarria izan zen ibilbidearen izenburua, eta Ahaztuen plazatik abiatu zen. Bertan, «zuhaitzek airea garbitzeko egiten duten lana aipatu» zuen Ametzagak, «ekosistemek ematen duten erregulazio-zerbitzuen adibide gisa. Multzo horretan sar daitezke ere hondakinen desegitea, uraren garbiketa, klimaren erregulazioa, izurriteen eta eritasunen kontrola…».

Merkatuko plazaren inguruan «ekosistemek ematen duten zerbitzu kulturalez» aritu zen, «maiz aisialdiarekin lotzen ditugunak edo toki jakin bateko bereizgarria den paisaiarekin, adibidez. Santiago karrikako landare-bandetan bertze geldialdia egin zuten, Txokoto gibeleko eta parkeko ikastolan ere bai, «ekosistemen euskarri eta hornidura funtzioak aztertzeko: polinizazioa, jakiak, lurzorua, mineralak…».

Ekosistemak «zaindu behar direla» aipatu zuen, «eta hori aunitzetan zaila izaten dela, herriguneetan batez ere. Interes pribatu eta urbanistikoak nagusitzen direlako denen onetan izaten ahal diren ekosistemak zaindu beharrean». Horrela, «zuhaitzak zein errazki inausten eta kapetatzen duen» erran zuen, «egiten duten tenperaturen erregulazioa eta airearen arazketa kontuan hartu gabe». Edo «berreskuratzeko zaila den lurzorua nola artifizializatzen eta galtzen den parkinekin edo urbanizazio berriekin». Azken puntu horretan, «etxe hutsak egotea ekosistemen zerbitzuen ikuspegitik ulergaitza dela» azaldu zuen, «alferrik galdutako materia eta energia stock-ak direlako».

Horren guztiaren haritik, «biofiliaz» ere mintzatu zen, «jendeen osasunean naturak duen eraginaz, ongi zaindutako eta eskura den inguruneak zenbat on ekartzen duen. Halaber, biomimesiaren gainean ere solastatu zen gizakien arazo edo erronkak konpontzeko natura behatzeaz, naturan ematen diren prozesuetatik eta printzipioetatik ikasiz».

Gainera, «ekosistemen zerbitzuak kontuan harturik azkeneko aldian azpiegitura berdeaz mintzatzen dela» aipatu zuen Ametzagak, «herriguneetan diren eremu naturalak, erdi-naturalak eta bertze ingurumen elementu batzuen sarea, modu estrategikoan planifikatuak eta zerbitzu ekosistemikoak emateko diseinatu eta kudeatuak».

Antolatzaileen erranetan, «aski kontuan hartzeko aferak dira horiek denak, herriguneak biziberritzeko egiten ari den Baztan Hobetzen prozesuan adibidez. Bertzenaz, interes partikular eta egoistak nagusitzeko arriskua baitago, denendako hoberena herri berde eta bizigarria izaki».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun