Baztanen garrantzia handiko sektoreak izan dira tradizionalki nekazaritza eta abeltzaintza, eta indarra galdu badute ere, nagusi izaten segitzen dute. Haraneko 37.000 hektarea baino gehiago erabiltzen dira lehen sektoreko ustiapenerako, larre gehienak herri lurrak izanik. Jatorri-izendapeneko produktuek, bertako markek eta produktu ekologikoek inportantzia handia hartu dute azken urteetan.
Bertze hainbat ekoizle bezala, horretan aritzen da Patricia Tornero valentziarra Erratzuko Dorratxipia etxaldean. 2015ean tokiko ekoizpenaren aldeko apustua egin zuen, eta Pittika gasnategia abiatu zuen. Gaur egun, behi gasna ekologikoak egiten ditu bertan, eta ekoizle ttikien egoera «zaila» dela azaldu du, «sektoreak ez du instituzioen laguntza errealik eta geroz eta industrializatuagoa dago».
Nola hasi zinen gasnagintzan?
25 urterekin joan nintzen Valentziatik Nafarroako iparralderat bizitzera, abeltzaintzako ikasketak egiteko asmorekin. Landa eremuan murgildu nahi nuen, lan bat baino gehiago, bizitzeko modu bat delakoz. Gasnak egiteko hainbat kurtsotan parte hartu nuen, eta praktikak egin nituen Iparraldeko bi artzain eta gasnagilerekin. Pasta biguneko gasnak eta esnearen gatzapena egiten ikasi nuen bertan. Arantzazuko Artzain Eskolan (Oñatin) eta Katalunian ere formakuntza ikastaroak egin nituen.
«Lan eredu jasangarriak eta ekologikoak behar ditugu»
Patricia TORNERO VIDAL, gasnagilea
Eta zergatik etorri zinen Baztanerat?
Urte aunitzez izan nuen proiektua buruan, baina zailtasun handiak izan nituen gauzatzeko, lur eskaintza ttikiarengatik eta prezio altuengatik. Erratzuko Dorratxipia etxaldea erosteko aukera sortu zitzaidanean, nire proiektuarekin bat egiten zuela ikusi nuen. Hasmentan, ahuntzak paratu nahi nituen estentsiboan, eta gasnategi ttiki bat hauen esnea lantzeko. Gaur egun proiektua aldatu da, eta behi gasnak egiten ditut Iparraldeko ekoizle ttiki baten esnearekin. Lan egiteko modu berdintsua dugu biok eta berak ere esne gordineko gasna ekologikoak egiten ditu baserrian. Ahuntz talde ttiki bat eta behi batzuk ere dauzkat.
Lehenagotik loturarik zenuen gasnagintzarekin?
Ez, Valentziatik etorri nintzenean ez nuen inongo loturarik gasnagintzarekin. Hirian bizi nintzen, baina argi nuen naturarekin konektatzeak ongi sentiarazten ninduela eta honek nire lanbidearekin koherentzia izatea nahi nuen. Geroztik, gasnagintzaren munduak poliki-poliki erakarri nau, bereziki bertze gasnagileak eta gibeletik dituzten istorioak ezagutzean.
Gaur egun, erraza da ekoizle ttikia izatea?
Ez, ez da batere erraza. Burokrazia da astunena; nire kasuan, oztopo-lasterketa bat egin behar izan nuen osasun-erregistroa lortzeko. Urteak behar izan nituen lortzeko, behin-behineko erregistro batekin lan egiten nuen bitartean. Geroz eta mekanizatuagoa eta industrializatuagoa dago lanbidea, eta enpresa handien baldintza eta arau berdinak paratu dizkigute artisau ttikiei, aldatzera edo desagertzera behartuz. Bidea zaila da, baina lan guziaren emaitza ikustea pozgarria eta hunkigarria da.
Gizartea naturatik deskonektatua bizi dela uste duzu?
Bai, hiria eta landa eremua guztiz deskonektatuak daude. Eskolan ingelesa edo matematika irakasten dira, baina haur aunitzek ez dakite nola ekoizten diren elikagaiak, eta batzuk ez dute inongo kontakturik baserri inguruarekin. Hiritarrek landa paisaia baloratzen dute, baina uste dute hor egoteagatik dagoela eta ez da hala. Landa paisaia biztanleek eraikitzen dute; nekazari eta abeltzainik gabe ez dago landa eremurik.
Zergatik da hain garrantzitsua lehen sektorea bizirik mantentzea?
Lehen sektorerik gabe landa desagertuko litzateke, eta horrekin bertako elikagai osasuntsuak, kultura eta bizimodua. Eredu industriala gailentzen ari da sektorean: makro-ustiategi kutsakorrak eta laborategietan in vitro sortutako elikagaiak. Zentzugabetasun honen aitzinean, abeltzaintza tradizionalak eboluzionatu behar du ez desagertzeko. Lan eredu jasangarriak eta ekologikoak behar ditugu, horrek desberdintzen gaituelako bertze sistemetatik. Elikagai osasuntsuak, seguruak eta ingurumena errespetatzen dutenak eskaini behar ditugu.
Sektoreak gobernuaren eta erakundeen laguntza dauka?
Ez, ez gara lehentasunezko gaia momentu honetan. Erakundeek diskurtso ekologista aunitz ematen dituzte baina ez dugu laguntza errealik. Adibidez, Nafarroako Ekomercado ekoizleen taldetik denbora luzez eskatu diogu Iruñeko Udalari karrikan espazio bat zuzeneko salmentarako, baina ez digu inongo laguntzarik eman. Egoera zaila da, ez dugu beharrezko laguntzarik eta indarrak agortzen ari zaizkigu… Pena handia emanen lidake talde hau desagertzea bertze hirietan duten laguntza ez izateagatik. Ekoizleen merkatuak ezinbertzeko lekuak dira landa eremuko produktuak hiriekin konektatzeko. Honez gain, beharrezkoa da ekin nahi dioten gazteei laguntzea, bidean ilusioa gal ez dezaten.
Baztanen Arras Baztan, Bertan, Baztango Zaporeak eta bertze hainbat egitasmo ditugu tokiko produktu jasangarriak ezagutzera emateko. Nola ikusten duzu hauen papera?
Egitasmoa hauek arras ongi daude ibarreko egitura ekonomikoa babesteko eta bertako komertzioei laguntzeko. Baztango Zaporeak, adibidez, azokak egiten ditu larunbatero Elizondoko plazan artisauekin batera. Horrelako kolektiboak arras garrantzitsuak dira, baina instituzioen aldetik babes handiagoa behar dugu jendeari tokiko produktuen garrantziaz ohartarazteko, eta Baztan den lekua segitzen izateko, baita hobetzeko ere.
«Landa eremuko emakumea ez da behar bezala baloratua izan»
Patricia TORNERO VIDAL, gasnagilea
Datuen arabera, historikoki emakumeen egoera oraindik ezegonkorragoa izan da baserrian. Zein da bete izan duen papera?
Landa eremuan emakumeak beti uztartu behar izan ditu etxeko lanak eta baserrikoak. Produkzio eredu ttikia eta lurrari lotua zen, eta familia guziak parte hartzen zuen, baina emakumea ez dute behar bezala baloratu. Aunitzek bizi guzian jardun dute etxalde edo ustiategietan lanean eta haien lan guzia 'etxeko laguntzatzat' hartu dute. Gizona zen jabea, titularra eta kudeatzailea.
Egoera hobetzen ari da?
Bai, alde horretatik aldaketak ematen ari dira, baina desparekotasun dezente dago oraindik. Egia da geroz eta emakume gehiago sartzen direla nekazari aktetan lurrari lotutako proiektuetan, baina hortxe dugu eredu industriala, berriz ere gizonek gobernatutako eredua dena.
Nola ikusten duzu tokiko ekoizpen ttikiaren etorkizuna?
Ekoizle hauek aunitzez ere gehiago baloratu behar direla uste dut. Kontsumitzaileak ohartu behar gara zein garrantzitsua den elikagaiak non erosten ditugun. Beti ez da posible, baina aunitzetan ekoizleak ondoan ditugu eta ohitura edo erosotasunagatik ez gara haiengana hurbiltzen. Kontsumitzaileak hau baloratzen ez badu, litekeena da urte guttitan ekoizle ttikirik ez aurkitzea. Inork ez dugu makro-ustiategi bat nahi gure herrian, hondamen ekologikoak direla dakigulako, baina azkenean makro-ustiategietako haragia erosten dugu supermerkatuan… gure esku dago egoera aldatzea.