Herri palestinarrari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 07:00

Herri palestinarrari elkartasuna adierazteko 70 bat lagun bildu ziren Elizondoko plazan, Baztango EH Bilduk deituta.

Baztango EH Bilduk deituta 70 bat lagun lagun elkartu zen urriaren 10ean, astearte arratsaldean Elizondoko plazan, herri palestinarrari elkartasuna adierazteko. EH Bilduk azaldu duenez, «palestinarrek egindako erasoak komunikabideetara ekarri du berriz gatazka. Tentsio militarra areagotu da eta Israelek bonbardaketa gogor eta indiskriminatuak ugaritu ditu. Gaza xehatzen ari da eta hildako ugari eragin ditu».

EH Bilduko ordezkariek irakurritako oharraren arabera, «ez da ordea oraingoa, hamarkadetan etengabekoa baizik, sionismoak palestinarren aurka darabilen genozidio politikoa. Ilegalki okupatutako lurraldeak, etxebizitzak etengabe eraistea, hilketak, atxiloketak eta torturak, Gazaren gaineko blokeoa eta bonbardaketa etengabeak... Azken boladan gogortu egin du gainera jokamolde hau estatu sionistak».

Hori dela eta, EH Bilduk irmoki salatu nahi du «urteetako zapalkuntza hau eta horren aitzinean Europako estatu gehienek, Espainiak barne, Israeli eskaintzen dioten babesa». Komunikabide nagusien «manipulazioa» ere salatu nahi izan zuten, «gezur eta manipulazioen bidez, Israel biktimatzat erakutsiz eta palestinarrak terroristatzat. Badakigu zerbait honi buruz, eta ez gaituzte engainatuko». «Munduko herri zapalduontzat erresistentziaren ikur den Palestinar herriari elkartasuna» adierazi nahi dio Baztango EH Bilduk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun