Sarai Roblesek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa, Iruritan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 8a, 11:30

Sarai Robles, larunbateko saioaren irabazlea, oholtza gainean kantuan.

Sarai Robles barañaindarrak txartel zuzena eskuratu du azaroaren 4an Altsasun jokatuko den finalaurrekorako. Atzo Iruritako Gizarte Bilgunean 140 bat bertsozale bildu ziren, txapelketako lehen saioa bertatik bertara jarraitzeko. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren eta Iruritako herriaren laguntza izan du saioa antolatzeko.

Atzo Iruritan jokatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Sei bertsolari aritu ziren kantuan eta gai-jartzaile lanak Maialen Belarrak egin zituen.

Saio puntuagarriaren ondotik, Sarai Roblesek lortu zuen puntu gehien (354), eta beraz, azaroaren 4an Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu zuen. Haren atzetik sailkatu ziren Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre Gil (324), Eneko Fernandez (320,5), eta Egoitz Gorosterrazu (291,5).

Honela gelditu zen saioko puntuazioa:

  • Sarai Robles Vitas: 354
  • Saioa Alkaiza Guallar: 333
  • Idoia Granizo Uribarrena: 328,5
  • Ekain Alegre Gil: 324
  • Eneko Fernandez Maritxalar: 320,5
  • Egoitz Gorosterrazu Elizagoien: 291,5

Hurrengo larunbatean segituko du txapelketak, Vianan jokatuko den saioarekin. Vianako Kultur Etxean izanen da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta, Zigor Gartzia Arregi Zian gai-jartzailearen aginduetara. Biharamunean, Uharten izanen da saioa, Arte Garaikideko Zentroan. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun