Klima aldaketaren eta biodibertsitatearen inguruko ibilaldia eginen dute urriaren 14an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 5a, 18:00

Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti Elkarteak antolatu dute jarduera eta toki mugatuak izanen dituenez, izena aitzinetik eman beharko da 620 10 20 24 telefonoan. Ahaztuen plazatik abiatuko da ibilaldia 11:00etan.

«Klimaren aldaketa eta biodibertsitatearen galera garai honetan herri bizigarriagoei buruz gogoeta egiteko» ibilaldia antolatu dute Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti elkarteak. Urriaren 14an izanen da ibilaldia, Elizondoko Ahaztuen plazatik abiatuta (Fantxike ondoan), 11:00etatik 13:00etara. Ibone Ametzaga izanen da gidaria, biologian doktorea eta EHUko UNESCO katedraren zuzendaria.

Elizondon barna ibiliko dira, «herriko ingurune naturala ekosistema zerbitzuen ikuspegitik aztertzeko, hau da, herriaren barnean dauden natura-elementuek herritarren bizitza osasuntsuagoa eta hobeagoa izateko egiten duten ekarpena». Natura elementuez solastatzeaz gain, herria hobetzeko egin daitekeenaz ere arituko dira: «biodibertsitatea handitzeko, bero-uharteak saihesteko, uholdeak ttipitzeko zoladura iragazgarriak egiteko, lurraren artifizializazioa...».

Tokiak mugatuak izanen dira, hortaz, aitzinetik izena eman beharko da 620 10 20 24 telefonorat deituz edota idatziz Whatsapp edo Telegram bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun