Baztango Batzar Nagusiak heldu den urterako Nekazal Politika Bateratua (PAC) adostu du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 5a, 14:00

Lur komunalen banaketan «ATPak, lehentasunezko ustiategiak eta gazteak positiboki haztatzea» du helburu politika berriak

Astelehenean egindako osoko bilkuran, Baztango Batzar Nagusiak heldu den urteko Nekazal Politika Bateraturako (NPB edo PAC) irizpideak adostu zituen aho batez. Aziendak mendian ahaltzeagatik dirulaguntzak ematen ditu NPBk, eta horiek hartu ahal izateko Baztango larre komunalak nekazarien arten banatzen dituzte.

Iaz, aurtengo kanpainarako irizpide batzuk hartu zituzten «laguntzen deialdiaren eskakizuna egokitzeko». Hau «trantsizio kanpaina gisa» hartu dute, abeltzainak araudira egokitu ahal izateko, «eta 2024. urteari eta hurrengoei begira, behin betiko irizpideak ezartzeko mendi irekiko hektareak banatzeari dagokionez, NPBko dirulaguntzaren ondorioetarako».

Apirileko Batzar Nagusian, lurrak esleitzeko irizpideak urriko bileran sartzea erabaki zuten, eta aholkularitza enpresa bat kontratatu zuten gaiari heltzeko. Gaiaren konplexutasuna dela eta, «ez du denborarik eman alor guztiak arautuko dituen ordenantza oso bat osatzeko. Abeltzainarentzat irizpide berriak urtea amaitu baino lehen ezagutzeak duen garrantzia balioesten da, irizpide horiek bere plan ekonomikoari eragiten ote dioten ikusteko eta, hala badagokio, bere ustiapena onartutako irizpideen arabera egokitu ahal izateko».

Bileran erabaki bezala, «Baztango ustiategien erroldan agertzen diren eskatzaileak baino ez dira onuradun izanen, bertan erroldatuta badaude (sozietateen kasuan, sozietatearen helbide soziala Baztanen)». Banaketa proposamen honek «haztapen positiboa dakar lehen instalazioko proiektua duten abeltzain gazteentzat, baita sektoreko profesionalak diren lur-eskatzaileentzat ere, ATPak (ogibide nagusiz nekazaritza dutenak), lehentasunezko ustiategiak eta gazteak positiboki haztatuz». Horretarako haztapen sistema proposatu dute:

  • Ez-profesionalak: Oinarria
  • Lehentasunezkoak ez diren ATPak: Oinarria + %10
  • Lehentasunezko ustiapenak: Oinarria + %20
  • 1. instalazioaren ustiapenak: Oinarria + %70

Lurrak banatzeko proposamena onartuta, bilerekin segituko dute hurrengo Batzar Nagusian ordenantza bat onartzeko helburuarekin, eta «nahiz eta aitzinetik jakin zaila izanen dela epea betetzea, saiakera eginen da. Prozedurari, zehapen-araubideari, emakida-muga posibleei, soberakinei, hektareako ordaindu beharreko tasari eta abarri buruzko puntuak jasoko dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun