Baztango Udalak koordinatua, IKERTU NAhiEN mugaz gaindiko proiektua abiatu zen iaz, NUP, ESTIA, EHU eta Les Ateliers de Jours à Venir erakundeekin batera. Helburua Euroeskualdean (Akitania Berrian, Nafarroan eta Euskadin) gaur egun landa eremuak dituen arazo, behar eta erronkei aurre egitea da, horretarako mugaz gaindiko ikerlarien sare bat sortuz.
Baztango landa eremuan murgiltzeko, topaketa eginen dute hilaren 20an. Egun osoko egitaraua izanen du: 09:30ean harrera ekitaldia izanen da, eta 10:30ean paseo kolektiboa eginen dute landa eremuko eragileengana hurbiltzeko, «bertze modu batera entzun eta pentsatzeko». 13:30ean bazkaria eginen dute eta 14:30ean ikerketa metodologikoen gaitasunari buruzko debatea izanen da eta goizean ikusitakoari buruz hausnartuko dute. 17:00etan emanen diote itxiera jardunaldiari.